Aurrekanpaina: zaborra
DENA DEN
Udalerri garbiak dira gure Irun eta Hondarribia; Zilarrezko erratza jaso zuten iaz Madrilen, Espainiar Estatuko eta Hego Amerikako hiri garbienetakoak izateagatik. Ez zen meritu makala izan, eta pozik ageri ziren bi alkateak eta Txinzerreko kudeatzailea argazkian. Herritarrak ere pozik, jakina, gero eta gizarte edadetuagoan gero eta gehiago hartzen baita aintzat garbitasuna, gero eta gehiago lehenesten. Garbitasuna eta segurtasuna. Eslogan horrekin, proposamen osagarririk gabe, erraz irabaz litzake udal hauteskundeak edozein alderdik.
Duela hiru aste jakin genuen bi herriotan hamar biztanletik lauk gaizki erabiltzen duela edukiontzi marroia. Alegia, ez ziren zerga-beherapena aplikatzeko gutxieneko maiztasunera iritsi. Zigor gisa, modu desegokian erabiltzen dutenei hilero ia bost euroko isuna jarriko die Txinzerrek. Hamar horietatik beste gutxi batzuek ez dute hondakin organikoak bereizteko programan izena eman ere egin, baina zifra hori ez dut aurkitu.
Badatoz udal hauteskundeak, eta eskatuko zion norbaitek Txinzerri tonu positiboagoan bidaltzeko prentsa oharrak. Bada, pasa den astean jakinarazi digute hondakin organikoen bilketak Europak 2020rako ezarritako helburuak gainditu dituela. Gai organikoen bilketak egin omen du bereziki gora: urtebetean % 20ko igoera, ez gehiago eta ez gutxiago. Datuak datu, edo, hobeto esanda, datuen erabilerak datuen erabilera, harrigarria da hamarretik lauk gaizki erabilita eta beste bizpahiruk (demagun) programan izena eman gabe, hondakin organikoen bilketa eredugarria izatea eta Europako estandarrak betetzea.
Zaborren kudeaketari dagokionez, bi auzi potolo egon dira Gipuzkoan azken urteotan: hondakinen atez ateko bilketa eta errauskailua. Egitasmo bat indartzen duenak, bestea ahultzen du ezinbestean, eta alderantziz. Atez ateko bilketari bultzada ematen ahalegindu zen aurreko foru gobernua, eta beraz, errauskailua ahultzen. Hain gogor saiatu ziren, non larrutik ari baitira ordaintzen arduradunak. 2019an, ez du ematen atez ateko bilketaren eztabaidak protagonismo handia hartuko duenik datozen hilotan. Ematen du konformatuko garela Europatik proposatzen diguten adabakiarekin, ez ditugula inola ere kopiatu nahi kilometro gutxi batzuetara ditugun eredu arrakastatsu eta nazioartean aitortuak, ez ditzagun herritarrak —nola, bada!— derrigortu birziklatzera, haiek borondatez nahi ez badute.
Sare sozialetan Ozeano Bareko irla bat zaborrez gainezka ikusten dugunean bai, orduan eskandalizatzen gara, eta formulatzen dira «nora iritsiko gara?», «honek ez al du soluziorik?», eta antzeko galdera erretorikoak. Hain erretorikoak, non ez baita erantzunik espero, non are ez baitugu erantzunik nahi, badaezpada ere, gure bizimodua pixkatxo bat deserosoago egingo duen beldurrez. Edo are okerrago, gure eguneroko arduragabekeria agerian geldituko den beldurrez.