Antxeta Bi
Antxeta Bi. Hala izendatu dugu, Oarsoaldean, Buruntzaldean eta Donostialdean zabaldu dugun kaio txikia. Bidasotik abiatu, Bera zeharkatu eta gutxinaka-gutxikana, Kontxako badiaraino iritsi gara. Askok pentsa dezakete, zergatik? Nolatan? Baina Antxeta ez al da, Hondarribia, Irun eta Hendaiako irratia? Motzean bada ere, galderak erantzuten ahaleginduko naiz, baita 105.8 FM frekuentziaren inguruko nobedadeak azaltzen ere. Lopez jauna […]
Antxeta Bi. Hala izendatu dugu, Oarsoaldean, Buruntzaldean eta Donostialdean zabaldu dugun kaio txikia. Bidasotik abiatu, Bera zeharkatu eta gutxinaka-gutxikana, Kontxako badiaraino iritsi gara. Askok pentsa dezakete, zergatik? Nolatan? Baina Antxeta ez al da, Hondarribia, Irun eta Hendaiako irratia? Motzean bada ere, galderak erantzuten ahaleginduko naiz, baita 105.8 FM frekuentziaren inguruko nobedadeak azaltzen ere.
Lopez jauna lehendakari zela, hainbat frekuentzia lehiaketara atera zituen Eusko Jaurlaritzak. Barne gogoeta sakon baten ostean, Arrosa sareko (Euskal Herriko irrati libreen sarea) hainbat irratik, lehiaketara aurkeztea erabaki genuen. Bai, lehia bat da. Txosten onena aurkezten duenak, saria eramaten du (beti ere prozesua behar den bezala egiten bada, interes politiko izpirik gabe, manipulaziorik gabe). Kasu honetan, frekuentzia legala lortzea da saria. Jakin behar baita, Euskal Herriko herri irrati asko eta asko, gehienak ez esatearren, egoera irregularrean aurkitzen direla. Herriaren hitza eta ahotsa entzun dadin egunero lan asko egiten ari dira, legearen babes eta sostegurik gabe. Zintzilik Irratia, Molotof eta Txapa irratiak…
Lehiaketara aurkezturiko herri irrati askok eta askok, irabazi egin genuen. Frekuentzia bana lortu genuen. Alta, atzera egin zuen Jaurlaritzak. Gureari eutsiz, epaiketara jo, helegiteak handik eta hemendik pasatu, eta azkenean irabazi dugu, eta hiru eskualde hauetan hasi gara lanean.
Ipar Euskal Herriko informazioa, ahalik eta modu zuzen eta egokienean eraman nahi dugu Lapurditik Gipuzkoako eremu zabalera. Hamabost urte ditu jada Antxeta Irratiak, eta irratien mundua are gehiago euskalduntzeko xedez aurkeztu ginen lehiaketara. Euskaldunok irrati euskaldunen artean aukeratzeko aukera ukan dezagun, Euskadi Irratitik harago. Izan, eskubidea baita. Horretan ere badugu zer ikasia gurean. Atzerriko irrati erdaldun komertzial edota publiko bat zabaltzen denean gurean, ez dugu deus esaten. Ez gara erasotuak sentitzen. Gure gisako hedabidea baldin bada, aldiz, lagun bezala hartu eta ongi etorria eman beharrean, mesfidati eta erasokor jokatzen dugu. Entzuleengan pentsatu beharko genuke halakoetan. Lehen esan bezala, herritar gisa, zer entzun aukeratzeko dugun eskubide horretan.
Herri komunikabideak hedapen egoeran egotea ospatzeko da. Halakoetan, euskarak irabazten baitu. Adierazpen askatasunak irabazten baitu. Herritarrok informazioa jaso eta emateko dugun eskubideak irabazten baitu.
Antxeta Bi. Kaio txikia. Egunen batean, hegoak zabaldu eta Antxeta handi batean bilakatuko delakoan (beti ere Buruntzaldea, Donostialdea eta Oarsoaldeko herritarren zerbitzura, irrati komunitario bezala), ekin diogu lanari. Egin aurrera, beraz, eta urte askotarako.