Adrian Arruti Bernadet: 'Milesker, Kote!'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Adrian Arruti Bernadetek bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Milesker, Kote!
Doinua: ‘Herri txikien negu gordina, Txetxenia’
1.
Abenduaren hamabostean,
hala duzu iragarri,
erretiratu zara aritu
ostean buru-belarri.
Merezitako esker keinurik
ez denez jasotzen sarri
nahi nizkioke zure lanari
hainbat bertso xume jarri.
2.
Alde batetik, biblioteka bat
sortu duzu aldez alde.
Zenbait ikerlan historikoren
jabea zara, bestalde.
Ez dakit ongi jabetu garen,
behin eginda zure galde,
zenbat lan egin duzun gaurgero
Hondarribiaren alde.
3.
Itsas Etxetik Zuloagara,
mandatuari jarraiki,
hogeita hamasei urtean zehar
lana egin duzu, baiki,
biblioteka bat ez baita inoiz,
aditu gisa zenbaiti,
eskuizkribu eta liburu
zaharrez soilik eraiki.
4.
Gehiago dela konforme gaude,
baina gehiago zer da ba?
Erakusketa, tailer, liburu
eta ekimen bailara.
Zenbat hitzaldi, zenbat aurkezpen…
guztia Zuloaga da.
Gure kapital kulturalaren
hornitzaile izan zara.
5.
Zeregin hori beste edonork
burutu zezakeenik
gauza jakina da eta ez dut
esango hala ez denik.
Baina horrela gertatu balitz
ikusi nahiko nuke nik
zuk adinako elegantziaz
egin ahalko zuenik.
6.
Baleen ehizaz Hondarribian
nahiz Konbentzio guduaz,
Hondarribiko itsaslapurraz
zein baserrien munduaz…
inor kezkatu ez balitz kontu
horien iturburuaz
nekez jakingo genuke ezer
bizi dugun inguruaz.
7.
Herri bat ezin da sortu bere
historia jakin gabe
zure alea eskaini duzu
izan dadin burujabe.
Hondarribitik harago ere
ez da pasa oharkabe
hori ulertu dugun guztiok
oso eskertuta gaude.
8.
Sorta zintzoa eskribitu nahi
nizun, baina hala ote?
Ingurukoek, behintzat, hitzez hitz
gauza berbera diote.
Merezi duen horri aitortza
egin behar genioke
salbuespena ez zara eta
milesker, bihotzez, Kote!