Adrian Arruti Bernadet: 'Bertso-sorta hau ere heldu da'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Adrian Arruti Bernadetek bertso sorta egin du. Hona hemen, Arrutik egindakoa:
Bertso-sorta hau ere heldu da
Doinua: ‘Sentimendu asko dauzkat nirekin’
1.
Bertso-sorta hau ere heldu da,
beste guztien gisara,
kanpai hotsaren soinu ozenak
deitzen du ehorzketara.
Sorta azalpen-bertso batekin
abiatu behar bada,
Hitzari egin diodan azken
entrega hau, beharbada,
sortzaile baten heriotzaren
iragarpen kronika da.
2.
Zer da esan nahi nukeen hori?
Zer da esan behar dena?
Gogaigarri zait hitz-hartzearen
gurutze-bide zekena!
Egin ditudan bertso-sortetan,
urte hauetan barrena,
idatzi ezin izan dudana
da adierazgarriena
eta idatzi dudana ez da
adierazi nahi nuena.
3.
Dekadentzia protagonista
egin den agerraldian
ez da porturik nora itzuli;
ez da itzalik argian.
Iparrorratzak iparrik ez du
aurkitu azken aldian,
nori edota zeri idatzi
aritu naiz aspaldian
heldulekurik ezin bilatu
nabilelako, agian…
4.
Mundutik nire baitara doan
berotegi efektuak
neuzkan ideien iturburuak
utzi ditu idortuak.
Nihilismoak ebatsi dizkit
nituen heldulekuak
NItik arituz GUa ez ote
du irentsi ezlekuak…
agian oso urrun joan naiz
sortu nahian NItik GUak.
5.
Inoiz federik izan ez duen
abadea otoitzean,
alkohol idorra eta zigarro
biharamuna goizean,
narda puntua bikotearen
musuetara ohitzean,
korapilo bat ahots-kordetan
bertso berri bakoitzean…
esanahietik esan nahiera
Ulises naiz Odisean.
6.
Mendian gora Sisifo edo
eguzki bila Ikaro
sortak idazten kalbariotik
gehiegitan naiz igaro.
Saiatu erruz saiatua naiz;
jada ezin dut gehiago.
Orain bezala jarraitzekotan,
bukaera argi dago…
epikoa ez izanagatik
asumitzeko prest nago.