Adibidez...
ANTXETATIK
Netflix izan dugu hizpide azken asteotan lagun artean. Ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko plataformak erabat harrapatuak ditu nire ingurukoak. Interesatzen zaiena ikusten omen dute, nahi dutenean, eta nahi bezain beste. Serieak, filmak, umorezkoak, dramak edota fikziozkoak. Gustuko hainbat eduki topatu omen dituzte bertan gainera. ‘Zer ote da?’, pentsatzen nuen hasieran. Betiko telebista gutxi ikusteaz gain, halako tresna berrien berri ere, aski berant izaten baitut nik. Mea culpa noski, ez bainago erabat on hainbat gauzetan.
Geroztik, gaiak interesa piztu baitit, jendeak hileroko kuotak partekatzen dituela esan izan didate. Kuota bakoitzak, lau erabiltzaile ezberdin ahalbidetzen baititu. Ongi ulertu badut behintzat.
Bada, neu ere harrapatu egin nau galaxia izena duen delako plataformak. Guk ere, lagun batekin kuota partekatu eta Netflix dugu etxean. Ikusi ditut filmak, ikusten ditut serieak, jartzen dizkiot marrazki bizidunak ttikiari… Bai, neu ere harrapatu egin nau. Eta hainbat galdera, zalantza sortzen dizkit horrek. Batetik, tresna interesgarria iruditzen zait egungo telebista kateek eskaintzen duten edukia hutsaren hurrengoa baita. Txarra eta hutsala.
Bestetik, ordea, enpresa erraldoi horren gibelean zer ote dagoen galdetzen diot neure buruari. Ezer onik ez segur aski. Berriki, Itziar Ituño aktoreari eginiko elkarrizketa bat irakurri dut Argia astekarian. La casa de papel telesaileko protagonistetako bat da. Eta serie hau Netflixek ekoitzia da. Bere ahotan bederen, ezer txarrik ez zen atera plataformaren aurka. Alderantziz baizik! Eta horrek hein batean lasaitu egin ninduen, ez bainuen deusen konplize izan nahi. Deus txarraren konplize.
Langileen Nazioarteko Eguna pasa berri den honetan aitortu behar baitut, oraindik ere hainbat esparrutan kontzientzia hartu, ahaldundu eta beste gisa batean jarduteko urratsa eman behar dudala. Bizitza erdigunean jarriz, eta ororen lan eskubideak errespetatuz. Adibidez…