Andoni Zelaia Otaño: "Independentzia"
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Andoni Zelaia Otañok bertso sorta egin du. Hona hemen, Zelaiak egindakoa:
Independentzia
Doinua: ‘Baditut egunero’
1.
Sartuko naiz sartuko
olatu barrura,
itsasoan arraina
sartzen den modura,
hemen bereizten dira
olioa ura,
sareak sarekadak
bere egitura,
borroka egiteko
ordua heldu da,
bide luzea dago
oraindik portura.
2.
Hitzez hitz ahoz aho
bere sustantzia,
sinetsi, bizi, esan
sortu iritzia,
denbora aldaketak
darama ontzia,
lema zainaren esku
nolabait utzia,
ez da errez aurkitzen
neurriko jantzia,
tabu bihurtu bada
independentzia.
3.
Saihetsetik begira
jarriko bagina,
hitz jario ugari
lekuz at egina,
nor gara nora goaz
erro eta muina,
borroka du lekuko
euskal herri duina,
eskuz esku eraikiz
garatzen jakina,
senda ezina ere
bere herri mina.
4.
Abertzale munduan
zenbat aktibista,
askatasun aldarri
galdu gabe bista,
herri bat garelako
gintuen konkista,
geroztik ez da falta
espainol vasquista,
tira eta bultzaka
non egin irrista,
autonomista edo
independentista.
5.
Estatuen aldetik
zigor erauntsia,
hizkuntza, indar, lege
gauzka irentsia,
maskara jantzi eta
lotsa erantzia,
jarraitu behar dugula
elkar erantsia,
ondoan buru jabe
Espainia Frantzia,
guk ere behar dugu
independentzia.
6.
Lurraldetasunaren
arerio etsai,
euskarari kolpeka
asmakizunez blai,
eskubideaz mintzo
baina guretzat jai,
euskaldunak ez badu
espainol izan nai,
euskal herri askea
eraikitzea ai,
besteentzat ona bada
guretzat ere bai.
7.
Nola lotu behar den
hitza eta ekintza,
kontzientzia dugu
lehenengo baldintza,
bakardadean ezin
da egin bizitza,
ez geundeke honela
erreza balitza,
ahaztu gabe gure
borroken emaitza
ezin bestekoa da
denon herrigintza.
8.
Kendu nahi eta ezin
menpeko arantza,
buru jabetza dela
piperra eta gatza,
gure erabakia
arrazoia antza,
txiki izatearen
ezinean datza,
ez badugu asmatu
askatasun dantza,
lortuko dela ez dut
galdu esperantza.