Musika (Hondarribia): Galder Izagirreren 'Esc' diskoaren entzunaldia
Berri Txarrak taldeko bateria jotzaile Galder Izagirre irundarrak bakarkako bidea hasi du. Proiektu beri bat aurkeztuko du aurki, Esc titulupean. Post punk elektronikoz hornitutako “ukabilkada” bat dela diote Forbidden Colours disko etxeko iturriek. Hilaren 23an kaleratuko du.
Aurrerapen abesti bat kaleratu du jada, Ilunbarrean izenekoa. Kantu honek Kuraia taldearen Egunsentian abesti ezagunari omenaldia egiten dio. “Erritmo aldetik Kuraiarengandik zipriztindu naiz eta, era berean, baxu lodi eta zorrotzetan The Clashen London Calling kantua etorri zait gogora, jarrera horrek betetzen baititu hutsuneak eta, aldi berean, kantua bera agresiboagoa bilakatu. Egia da aipatutako bi talde hauen eragina ez dela agerian gelditzen azken emaitza entzuteko orduan”, dio Izagirrek, kantu honen arimaren inguruan.
Pandemia garaian abiatutako proiektua da Esc, apurka-apurka egindakoa. Izagirrek berak konposatu, grabatu eta ekoiztu ditu lanean jasotako hamar kantuak.
Musikaria primizian entzuteko aukera izango dute ostiralean (hilak 10) hondarribiarrek, doan gainera. Itsas Etxeko auditoriumean diskoaren entzunaldia egingo dute, 20:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da aurretik. Lotura honetan egin beharko da erreserba.