Uso mezularien Espainiako selekzioa Hondarribian hautatuko dute
Espainiako Kolonbofilia Federazioak antolatuta, Espainiako XLIV. Uso Mezulariaren Erakusketa bisitatu daiteke igandera arte Jostaldi pilotalekuan.
Espainiako Estatuko uso mezulari onenak daude Jostaldin
Espainiako Kolonbofilia Erret Federazioak antolatuta, Espainiako XLIV. Uso Mezulariaren Erakusketa bisitatu daiteke igandera arte Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Dudarik gabe, herritar gehienentzat mundu ezezaguna da uso mezulariena. Hala onartu zuen Txomin Sagarzazu alkateak atzoko aurkezpenean: “Hondarribiarrek eta bisitariek askorentzat oso berria den unibertso bat ikusi eta ikasteko aukera oso egokia da”.
Hondarribiar bat, Juan Larrarte, Espainiako federazioko presidente ordea da eta oso gustura azaldu da jardunaldi hauek Hondarribian egin ahal izateagatik: “Niretzat poz handia da nire herrian halako zerbait egiteko aukera edukitzea. Estatu osotik 200 pertsona baina gehiago etorri dira egun batzuez Hondarribian egotera”.
Erakundeko presidente Tomas Montielek azaldu duenez, lehiaketa ere bada Jostaldikoa, ez bakarrik erakusketa: “Lehen bi egunetan barne lanak egin ditugu, eta orain epaileak usoak ikusten eta aztertzen ari dira. 225 uso mezulari daude hemen, eta horietatik 55 Espainiako selekzioarekin lehiatuko dira Polonian egingo diren olinpiar jokoetan”. Larrartek bost uso aurkeztu ditu lehiaketara: “Ia zorterik badugun eta epaileek nola puntuatzen dituzten usoak”.