Ordutegi zabalago baten alde kalea hartu dute gazteek
Kuadrillen Egunean goizaldeko bostetan udaltzainek tabernak eta txosnak itxi zituztelako, protesta egin dute gazteek. Itxiera ordutegia malguagoa eskatu dute.
Gazteen asmoa argazkia ateratzea zen soilik baina polizia ugari hurbildu da udaletxe aldera
Udalak zehazturiko ordutegiaren kontra daudela adierazteko protesta sinbolikoa egin dute gaur dozenaka gaztek Hondarribiko Kale Nagusian, udaletxearen ondoan. Zazpiak eta laurden aldera elkarretaratu dira, musika bandak bere saioa bukatu eta gero, eta egitarauko gainontzeko ekialdien aurretik.
“Ordutegi honekin jai dugu” zioen pankarta baten atzean kokatu dira eta, kalea itxi dute alderik aldera. Hori ikusita, hainbat ertzain hurbildu zaizkie baina, asmoa argazkia egitea soilik zela azaldu dietenean, ertzainek ez diete trabarik jarri. Agindutakoa bete dute gazteek, argazkia egin eta txalo artean bukatu dute protestaldia.
Gazteek HITZAri azaldu diotenez, modu inprobisatuan antolatu dute gaurko ekintza, atzo gertatutakoaren ondorioz. Kuadrillen Eguna zen atzo, lagunekin afaltzeko eta parranda egiteko eguna, baina tabernak eta txosnak bostetan itxi arazi zituztenez —udaltzainak aritu ziren—, jende asko nora joaterik ez zuela geratu zen. Hori horrela, gaurko protesta ekitaldia egiteko deialdia luzatu zuten gazte batzuek sare sozialen bidez.
Testuingurua kontuan izanda, “protestaldi baketsua eta errespetuzkoa” izango zela aurreratu dute deialdian. Berrehun bat gazte izan dira protestaldian, baina beste asko Santa Maria Ate inguruan geratu dira, ertzainak udaletxe ingurura gerturatzen ikusi dituztenean.