J3, historiaurreko denbora kapsula Jaizkibelen
Euskal Herriko ehorzketa zaharrenari buruzko erakusketa bisitatu daiteke igandera arte Hondarribiko Arma Plaza kultur gunean.
J3 aztarnategiko hezurduraren erreplika, Arma Plazako erakusketan
Euskal Herrian aurkitu den ehorzketarik zaharrena Hondarribian dago, Jaizkibelen. J3 izena jarri zioten eta zortzi mila urte baino gehiago ditu. Juan San Martin zenak aurkitu zuen 2003an eta Aranzadi Zientzia Elkarteak burutu zuen indusketa, Maria Jose Iriarte-Chiapusso arkeologoaren zuzendaritzapean. Indusketa horri buruzko erakusketa bisitatu daiteke egunotan Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan.
Joan den ostiralean Paco Etxeberria antropologoak eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoak hitzaldia eman zuten Kultur Etxeko areto nagusian, Aranzadik eta Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak antolatuta; Iriarte ere bertan zen, baina bizkarreko minez ez zen oholtzara igo. Ikusmina piztu zuen hitzaldiak eta, Denda kaleko aretoa ez denez handia, jende asko geratu zen kanpoan.
Sartu zirenek gozatu egin zuten hitzaldiarekin. Aranzadiko kideek azaldu zutenez, Jaizkibelgo ezaugarriengatik, oso zaila da bertan historiaurreko aztarnek irautea, eta ia miraritzat jo zuten J3 aztarnategia ikertzeko aukera eduki izana. Azaldu zutenez, aurkitutako gorpua, propio ehortzita ezagutzen den Euskal Herriko zaharrena, itsaskien oskolen artean lurperatu zuten, eta oskolek isuritako kaltzio karbonatoak euri uraren azidotasuna neutralizatu zuen, eta “historiaurreko denbora kapsula bat bezala” iritsi da gaurdaino.
Ostiralean, Jaizkibelgo ehorzketari buruko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan. Bertan, besteak beste, 30 eta 40 urte bitarteko gizonezko hori nolakoa zen, zer jaten zuen eta zein ohiturak zituen azalduko da.