Gabonetako argiak jartzen hasi dira
Zenbait elementu berri ikus daitezke, esaterako, Kale Nagusian, ohiko bolak diruditenak.
Kale Nagusiko Gabonetako argiak, jarri berritan
Hondarribiko Udala hasi da Gabonetako argiak jartzen. Aurreko igandean hasi ziren eta bi astez luzatuko dira lanak. Maria Serrano Merkataritza zinegotziak jakinarazi duenez, 39.930 euroko aurrekontua bideratu du udalak zeregin horretara, “materiala, muntaia, mantenua eta instalakuntza berriro jasotzea barne”. Aurten ere, kontsumo baxuko argiak jarriko dituzte.
Dagoeneko zenbait kaletan jarri dituzte argiak, eta badira berritasunak. Kale Nagusiko argiteriak (irudian) atentzioa deitzen du, etxeetan jartzen direnen itxura duten bolak ageri direlako argi-multzoetan; egunez behintzat, efektu polita sortzen dute, eta pentsatzekoa da piztuta ere txukun geratuko direla.
Iazkoarekin alderatuta, San Pedro kale osora zabalduko dute argiteria: “Gogoratu behar dugu iaz kale erdia obretan zegoela. Ahalik eta gune gehiagotara heltzeko esfortzua egin da”, erantsi du Serranok.
Bestela, honako lekuetan jarri dituzte Gabonetako argiak: Mendelun eta Amute auzoetan, Portuko San Pedro, Matxin Artzu, Bernat Etxepare eta Zuloaga kaleetan, Alde Zaharreko Arma Plazan eta Gipuzkoa plazan, San Nikolas zubian, eta Gabarrari eta Minasoroetako biribilgunetan.