'Entzun arren San Fermin', itsasoko formatuan
Iruñeko bi peñek Carmen Kaleko Estropada egingo dute larunbatean Hondarribian, sanferminetako eztabaida bat erabakitzeko. Ketxus Poncek bota zien desafioa.
Badira albiste batzuk abenduaren 28an irakurriz gero inork sinistuko ez lituzkeenak. Honakoa horietako bat da: Iruñeko Irrintzi eta Algara peñek estropada egingo dute larunbatean Hondarribian, sanferminetako eztabaida bat argitzeko. Ez sinisteko modukoa, baina egia. Larunbatean da hitzordua. Carmen Kaleko Bandera izango dute jokoan Irrintziko eta Algarako kideek larunbatean Puntaleko kanalean, eta 180 pertsona inguruk bidaiatuko dute Nafarroako hiriburutik Hondarribira autobusetan, bakoitzak bere arraunlariak animatzera. Iazko San Fermin Txikito egunean adostu zuten hitzordua, hondarribiar bat tartean zela. Are gehiago, hondarribiar horrek zerikusi handia du erronkan, berak bota baitzien hordagoa bi peñetako kideei. Ketxus Poncek harremana du aspalditik Irrintzikoekin, “askotan joan naiz sanferminetara haiekin”, kontatu dio HITZAri, eta berak bota zuen desafioa. Nonbait, elkar zirikatzea gustuko dute Carmen kaleko bi kuadrillek, “pike sanoa dute”, eta egun horretan ere ari ziren elkarri adarra joz: “Eztabaidatzen hasi ziren, eta eztabaida hori itsasoan konpondu behar zela esan nien, eta beroaldian, baietz esan zuten, hala erabakiko zela”. Hurrengo egunean inork ez zuen oso argi bezperan gertatu zena, baina herrira bueltan lehiari forma ematen hasi zen hondarribiarra. Arraun elkartearekin harremanetan jarri zen, eta estropada egitea adostu zuten, bi elkarte horiekin senidetze antzerako bat egitea. Urtarrilerako dena antolatua zegoen. “Dena prest zegoela esateko deitu nien, eta ez zuten guztiz sinisten, baina gerora oso serio hartu dute”. Poncek azaldu duenez, Arga ibaian entrenatzen ari dira, “aulki mugikorrean”, eta eguneroko propio kamisetak egin dituzte, “beltzak Irrintzikoek, euren blusa beltza delako, eta Algarakoek berdeak, blusarik ez dute, baina euren ikurra marko berdea du, eta horregatik”. Puntalean egingo dute estropada, larunbatean, 11:30ean hasita. Luze batera egingo dute, 400 metroko luze bakarra, eta arraun elkartearen laguntza izango dute. Batetik, traineruak utziko dizkiete, eta, bestetik, eskifaia bakoitzean patroia eta arraunlari bana hondarribiarrak izango dira. “Eskifaia mistoak izango dira eta konpentsatuak”, gaineratu du antolatzaileak. Carmen Kaleko Bandera jarri diote izena estropadari, eta bandera egin dutela nabarmendu du Poncek: “Estropada izango da, bi traineru eta bandera bat irabazlearentzat, eta txapela”. Arraun Elkarte pareko ontziralekuan egingo dute sari banaketa eta giroa ziurtatuta dago, Iruñetik 180 lagun hurbilduko baitira. Bazkaria, sagardotegian Kirol lehiaz gain, egun pasa antolatu dute larunbaterako. 10:30ak aldera espero dituzte arraunlariak eta haien zaleak Arraun elkartean. Elkarteko ordezkariek harrera egingo diete, trikitilari eta gaiteroen doinuekin. Sari banaketaren ondoren senidetze ekitaldia egingo dute. Jardunaldia bukatzeko Irungo Ola sagardotegira joango dira denak, bi peñetako kideak, eta Hondarribiko Arraun Elkarteko berrogei lagun inguru, 220 lagun orotara. Bazkalostean ziurrenik eztabaidan hasiko dira iruindarrak, ia beti bezala. Ikusteko dago eztabaida hori itsasoan edo non erabakitzen den, baina badaezpada baten batek esango zion Ponceri ahoa gehiegi ez zabaltzeko.