'Lagun izoztua' nobelari erreparatu dio gehienbat Errenteria-Oreretako idazleak bere doktoretza tesia egiteko, eta egilearen "hiru itsasoak" identifikatu ditu.
Joan den larunbatean Ander Palavecino eta Jon Rodriguez Ama Guadalupekoa taldeko judokek 2. dan-a lortu zuten, Euskadiko Federazioaren epaimahaiaren aurrean egindako probaren ondoren. Helburua gauzatzeaz gain, erakutsitako maila teknikoagatik zoriondu zituzten bi hondarribiar gazteak. Hurrengo egunean, igandean, Gipuzkoako Helduen Mailako Txapelketa egin zuten. Nesketan, Lidia Yarzak urrea eskuratu zuen eta Amaia Curielek brontzea. Mutiletan Aritz Sagarzazuk zilarra lortu zuen, 60 kiloetan. Hiru kirolari horiek eta Ander Palavecinok Euskadiko txapelketan parte hartzeko sailkatzea lortu zuten. Hilaren 16an egingo dute Helduen Mailako Euskadiko Judo Txapelketa, Hernaniko udal kiroldegian. Pisu eta lurralde bakoitzeko (araba, Bizkai eta Gipuzkoa) hamalau kirolari lehiatuko dira bertan.
Abuztua ona izan da Pasaiako Donostia Kayak taldeko kideentzat. Izan ere, garaipen garrantzitsuak lortu dituzte. Junior Mailan, Trintxerpeko taldeko Ion Carballo Espainiako Maratoi Txapelketan gailendu zen. Abuztuaren 19an jokatu zuten Tuin (Pontevedra, Galizia), 4,4 kilometroko ibilbide batean (bost itzuli eman zizkioten; guztira, 22 kilometro egin zituzten). Uretan ez ezik, bost tarte egin behar izan zituzten oinez. Beste hiru palistarekin batera jarri zen lasterketa buruan. Azken itzulian Carballo eta Asturiaseko ordezkaria ibili ziren buruz buru, eta sprintean gailendu zen Donostia Kayakeko kidea. Garaipenari esker, hilaren bukaeran Erroman egingo duten Munduko Txapelketara joateko txartela eskuratu du, iaz bezala. Rodriguezek, marka onena Astebete lehenago, abuztuaren 12an, Getaria-Donostia txapelketa jokatu zuten. Euskal Ligako proba garrantzitsuenetzat dute palistek. Donostia Kayakeko Lander Rodriguez izan zen nagusi K-1 Mailan. Itsaso bareak, eguraldiak zein batzuetan lagun izan zituen olatu txikiek, probako marka onena egiten lagundu zioten Rodriguezi (1:19:02). Podiumaren hirugarren mailan Aritz Araneta taldekidea izan zuen. K-2an ere Trintxerpeko taldeko kideak izan ziren nagusi. Imanol Burguerak eta Ekaitz Saiesek osatutako bikotea izan zen onena. Hala ere, bukaerara arte lehia estu-estua izan zuten Zumaiako taldeko bikotearekin. Etzidamu, berriz, Espainiako Kayak Txapelketa jokatuko dute Alacanten (Herrialde Katalanak) taldeko hainbat kidek.