
Herenegungo udal hauteskundeek argazki garbia utzi zuten Lezon: Bilduk bederatzi zinegotzi lortu zituen, EAJk hiru eta PSE-EEk bakarra. PPk, Aralarrek eta Ezker Batuak ez dute ordezkaririk lortu. Hauteskunde ondorengo aje egunean, ordezkaritza lortu duten alderdietako zerrendaburuek balorazioa egin dute. Bilduko Ainhoa Zabalorentzat emaitza «positiboa» izan da, “lezoar gehienek guregan jarri dutelako konfiantza”. Bilduko kideak “ilusio eta gogoz beteta” daudela adierazi du Zabalok, “eta gure indar guztiak jarriko ditugu”. Lezorentzako “ezkerrekoa eta abertzalea” den eredua nahi dute Bildukoek, “Udal demokratiko batekin”. Horrela, hainbat lan ildo azaldu ditu Zabalok: “Garapen eredu iraunkorra bilatu nahi dugu, Jaizkibel eta Gaintxurizketako nekazal lurrak babestuko ditugu, badiaren benetako birgaitzea eta portu eredu berri bat bilatu nahi ditugu”. Horrez gain, kalean euskararen erabilera bultzatuko dutela adierazi du, baita elkarteekin elkarlanean ariko direla ere. Gazteek herrian parte hartzea sustatuko dutela ere esan du Zabalok. “Guztiontzat bizi baldintza duinak nahi ditugu, beste gauza askoren artean”, gaineratu du, “eta lan handia egiteko daukagun arren, horrek ez gaitu kikiltzen eta hementxe gaude horretarako”. Beste ordezkariak Lezoko Udalean ordezkaritza lortu duten beste bi zerrendek oposiziotik lanean egingo dutela jakinarazi dute, “orain arte bezala”. PSE-EEk Lezon atera duen ordezkari bakarrak, Mikel Antxon Arrizabalagak, emaitzen balantzea egin du: “Egia esan, ez dago irakurketa handia [...]

Mikel Antxon Arrizabalaga (Errenteria-Orereta, 1955) PSE-EEko zinegotzi bakarra da laster bukatuko den legegintzaldian. Igandeko hauteskundeetan ordezkaritza handitzea espero du Agirrezabalagak. Zeintzuk izango dira Lezoko PSE-EEren hautagaitzaren lan ildoak? Egoera ekonomikoak arduratzen gaitu, batez ere. Udalek ez dituzte eskumen asko, baina lagundu dezakete. Lezon hainbat urtetan ez dute industriagunerik garatu, ez da zabaldu: berrienak hogei urte ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak langabetuak kontratatzeko dituen programak aprobetxatu behar dira, baita ikastaroak ere. Zein beste esparru landuko dituzue? Etxebizitza arloan, hitzarmenak bultzatuko ditugu eta, horrela, Aralar kalean zuzkidurazko 50 apartamentu eraikitzea bultzatuko dugu. Kopuru ona da hori eta espero dugu legegintzaldi honetan hori betetzea. Eraikin horretako lokalean haurtzaindegia jarri behar da, orain dagoen lekutik atera behar dela esanez urte asko daramazkigulako. Bakea ere gure lan ildoetako bat izango da. Hurbil dago, baina denen ahalegina behar du, baita ezker abertzalearena ere. Hautagaitzaren aurkezpenean esan zenuen hezkuntza publikoa sustatu nahi duzuela, besteak beste. Bai. Zentzu horretan, Herri Eskolako jangela udara ondoren bukatuta egongo da eta hurrengo ikasturtean erabilgarria izango da. Herri Eskolaren beste arazoak konpondu behar dira. Guk, batez ere, egokitasuna bultzatuko dugu. Ikasle gehiago jaso nahi badituzte, eraikin eraberritu behar da nahi eta nahi ez. Gizarte Zerbitzuei dagokionez, Auñamendi kalean Udalak lokal bat egokitu zuen. [...]