OIARTZUALDEKO HEDABIDEAK
OARSOBIDASOKO HITZAn, aniztasunaren alde egingo da. Kolaboratzaile, zutabegile, blogari eta, oro har, OARSOBIDASOKO HITZAn idazten duten guztien iritziak bere hartan errespetatuko dira. Euskal irakurleen artean dagoen iritzien zabala kontuan hartuko da. Informazioa emateko, alde guztien ikuspuntuak bilduko dira, eta albistearen alde guztietako protagonistei ahotsa emateko ahalegina egingo da beti.
Bereizkeriarik gabeko tratamendua
OARSOBIDASOKO HITZAk gizartearen ikuspegi integratzailea du, eta giza eskubideen aldeko konpromisoa. Alde horretatik, zorrotz eta erantzukizunez jokatzen du informazioetan bereizkeria eragozteko, eta ez du onartzen diskriminazioa bultzatzen duen jokaerarik, edozein motatakoa dela ere: sexuan oinarritua, etnian, erlijioan, kulturan, sexu aukeran edo bestelako gorabeheretan.
Komunikabideek errealitateari begiratu behar diote, eta horren berri zintzoa eman. Lantegi horretan, traba dira topikoak eta aurreiritziak: errealitatea interesgarriagoa da estereotipoak baino.
Sexismoa
Gizonei eta emakumeei tratu simetrikoa ematen ahaleginduko da OARSOBIDASOKO HITZAk.
Emakumeek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Bai elkarrizketatuei eginiko galderetan, bai albisteari emaniko tratamenduan, kazetariak baztertu egingo ditu hala genero rolei loturiko galdera topikoak nola estereotipoak sendotzen dituzten klixeak.
Informazio iturriak orekatzen saiatuko da OARSOBIDASOKO HITZAk, gaia zeinahi dela. Emakumeek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute. Emakumeen presentzia handitzeko eginahalak egingo ditu OARSOBIDASOKO HITZAk, eta, alde horretatik, oreka zainduko du aditu eta iritzi emaileengana jotzeko orduan ere.
Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar da, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.
Indarkeria matxista.
- Giza eskubideen urratzea da, pertsonen askatasunaren eta duintasunaren kontrakoa, eta hala tratatuko da OARSOBIDASOKO HITZAn. Gizarte egiturak sorturiko arazoa izanik, ezin aurkeztuko da maitasun gehiegiaren edo erotasunaren ondorio gisa.
- Horrelako gertaerak deskribatzeko orduan, pertsonen duintasuna errespetatuko da, eta sentsazionalismoa baztertuko.
- Biktimen intimitate eskubidea zorrotz errespetatuko da, eta beti aintzat hartuko da beren izen-abizenak jakinaraztea nahi duten edo ez.
Hizkera sexistarik ez da onartuko.
- Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, pertsona, jende edo gizaki idatziko da.
- Tradiziorik gabeko hitzetan, ez da erabiliko genero marka atzizkia.
- Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, kazetariak saiatu behar du egoki euskaratzeko informazioa biltzen.
- OARSOBIDASOKO HITZAn ez da erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik.
- Familia loturen aipamen alferrikakorik ez da egingo. Albisteari estu loturiko datua baldin bada bakarrik aipatuko da ahaidetasuna edo harreman pertsonala. Dena dela, betiere izen-abizenak idatziz identifikatuko dira pertsonak, eta sekula ez familia lotura hutsekin.
- Albisteetako protagonistak aipatzeko, irizpide berak erabiliko dira beti, aipatua gizona izan zein emakumea izan. Hala, lehen aldian izen-abizenak idatziko dira, eta hortik aurrera, abizena bakarrik.
Emakumeez mintzatzean, ez dago zertan genero aldetik markatua den hitzik erabili, gizonei buruz ari garela pareko hitzik erabiltzen ez bada.
Askatasun sexuala
Sexualitatearen eta maitasun harremanen aniztasuna islatuko da OARSOBIDASOKO HITZAn, ikuspegi heterosexistarik gabe.
Gay, lesbiana, transexual eta bisexualek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago.
Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen ikusezintasunari buru egiten saiatuko da OARSOBIDASOKO HITZAk, baita sexualitateaz bestelako gaietan ere.
Hizkera homofoborik, lesbofoborik, transfoborik eta bifoborik ez da onartuko.
Oro har aritzeko, gay eta lesbianak idatziko da, eta ez homosexualak. Izan ere, homosexual hitza bakarrik erabiltzeak ikusezin bihurtzen ditu lesbianak. LGTBI sigla ere erabiliko da (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak).
Migrazioa eta gutxiengo etnikoak
Protagonisten etnia, erlijioa, jatorria eta kultura ez dira aipatuko informazioetan, non eta ez den ezinbestekoa albistea ulertzeko.
Migratzaileek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Hala, esaterako, ezin da identifikatu jatorri, etnia edo erlijio jakin bat jarrera fundamentalistekin, delituarekin edo gizarte arazoekin.
Migrazio gaietan ere ezinbestekoa da informazio iturrien aniztasuna bermatzea. Migratzaileek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute.
Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar da, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.
Oro har mintzatzeko, migrazio, migratzaile eta migratu hitzak erabiliko dira, ikuspuntuaren neutraltasunaren mesedetan.
Migratzaile batzuk iheslari edo errefuxiatu dira: gerratik, etengabeko egoera bortitz batetik, giza eskubideen urraketetatik edo giza hondamen batetik ihesi doazenak eta, orobat, jazarriak izateko arriskuan egonik beren herrialdetik alde eginiko guztiak, etnia, erlijioa, nazionalitatea, gizarte talde bateko kidetasuna, sexua, sexualitatea edo ideia politikoak direla kausa.
Hizkera xenofoborik ez da onartuko.