Elizatxo etorbidearen lehen fasea esleitu dute
Pasabide berri baten bitartez Katea auzoko bi aldeak lotuko dituen Elizatxo etorbidearen lehen fasea esleitu dute.
Irungo Udalak Elizatxo Etorbidearen lehen fasea berrurbanizatzeko obrak esleitu ditu, eta diotenez, horri esker, igogailu baten eta eskailera batzuen bidez, Andrearriaga kalearen ete Adifek eraikitako oinezkoentzako pasabide berriaren arteko komunikazio irisgarritasun osoa egin ahal izango da, bai eta bideen gainean dagoen pasealekuaren gainazala urbanizatu ere.
Diotenez, hori Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Topoaren trenbideak Adifen gainerako trenbide azpiegiturekin lotuko dituen bide integrazioaren sare osoari bide emango dion hasierako pieza da. Hartara, proiektu horrek inguru osoa berritu eta berrantolatuko duela dio, “udalak ingurune atseginak eta herritarrentzat eskuragarriak sustatzeko duen ildoarekin bat etorriz”.
Aipatu dutenaren arabera, lehen fase horrek ia 2,2 milioi euroko kostua du, eta hamar hilabeteko egikaritze epea du; Construcciones Zubieder, S.L.k eta Construcciones Mariezcurrena, S.L.k osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaio. “Hirugarren haria eraikitzeko lanen barruan dago AHT Irunera iristeko beharrezkoa den azpiegitura hau”, diote.
Katea auzoa bi zatitan banatzen dute Adifeko eta Euskotreneko trenbideak, eta trenbideen eguneroko inpaktuak, urteen poderioz, “zatitutako auzo bat” sortu duela diote “zeharkako oinezkoentzako konexio murritz eta degradatuekin. Are gehiago, auzoaren bi aldeak Telleria kaleko zubi berriaren eta Errotako errepidearen bidez bakarrik lotzen dira oinezkoentzat”.
Azkenik, nabarmendu dute 2024. urtearen amaieran trenbidearen integrazioaren protokoloa sinatu ondoren, ETS bere linea hirian integratzeko azterlan bat egiten ari dela Adifeko gainerako trenbide azpiegiturekin bat egiteko.


