Elkarrekin Irunek Udaltzaingoaren ordutegiaren inguruko informazioa eskatu du
Udaltzaingoko agenteek pilatutako orduen kopurua zein den galdetu du, eta, era berean, plantillaren egiturari buruzko hausnarketa bat irekitzea galdegin du.
Elkarrekin Irun udal taldeak informazio eskaera bat eta zenbait proposamen helarazi dizkio udalari gaur egindako Segurtasun eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkorraren baitan.
Batetik, David Nuño bozeramaileak 2025. urtean Udaltzaingoko agenteek pilatutako aparteko ordu kopuru osoa ezagutzea eskatu du “dagoen lan karga aztertzeko eta egungo baliabideak hiriko beharrei erantzuteko nahikoak diren ebaluatzeko helburuarekin”.
Era berean, Elkarrekin Irunek “beharrezkotzat” jotzen du Udaltzaingoaren plantillaren egiturari buruzko hausnarketa bat irekitzea. Hartara, taldeak udalari eskatu dio kidegoaren berrantolaketa azter dezala eta agente kopurua handitzeko aukera balora dezala “Irungo ezaugarri berezietara eta segurtasunaren eta bizikidetzaren arloko egungo eskaeretara egokituz”.
Horretaz gain, Elkarrekin Irunetik azpimarratu dute “segurtasunaren arloan kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko beharrezkoa dela bai datuen gardentasuna eta baita giza baliabideen plangintza egokia ere”. Beraz, gobernu taldeari eskatu diote gai horiek kontuak har ditzala, batzordean azter ditzala eta hala badagokio, gauza ditzala.
Azkenik, Nuñok “hiri seguru, kohesionatu eta ongi kudeatu batekin” duen konpromisoa berretsi du, “non zerbitzu publikoek herritarren beharrei modu eraginkorrean erantzuten dieten”.

