Parodia izango da nagusi gaur Gipuzkoa Plazan
Hondarribiko olinpiadetako proba ezagunetariko bat egingo dute gaur: parodia saioa. 20:30ean izango da, Gipuzkoa plazan.
Martxan dira Hondarribiko Olinpiadak, eta gaurkoan ere giro onean tarte on bat pasatzeko aukera izango dute herritarrek, parodiak egingo baitituzte.
Inauterietako asteburuan egin behar zuten jarduera hori hasiera batean, baina eguraldiaren ondorioz bertan behera utzi zuten hitzordua, eta gaur egingo dute ekitaldia.
Gainera, antolatzaileek aurreratu dute askotariko gaiak izango direla hitzorduan; hala nola, herriarekin zerikusia dutenak, munduaren egoerarekin lotutakoak, parodia musikala…
Orotara 16 talde lehiatuko dira gaurkoan, eta ohi moduan aurkezleak izango ditu saioak.
Sarrera irekia da, eta, beraz, olinpiadetako hurrengo proba ikusi nahi duen orok Gipuzkoa Plazara gerturatu beharko du 20:30ean. Hondarribiko Udalarekin elkarlanean antolatutako jarduera da.
Azkenik, jakinarazi dute parodien ondotik “Q olinpikoa” izango dela.

