Hondarribiko II. Berdintasun Plana, aurrera
Diagnostiko eta parte hartze prozesu partekatua oinarri izan duen planaren alde azaldu dira udalbatzarrean Abotsanitz eta EH Bildu, eta kontra EAJ eta PSE-EE.
Hondarribiko udaletxea Atzoko udalbatzarrean onartu zen behin betiko Hondarribiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana. Planaren aldekoen eta kontrakoen udalbatzarreko jarrerak aurrez ziren jakinak: udal gobernua osatzen duten Abosanitzek eta EH Bilduk baiezkoa eman zioten, EAJk eta PSE-EEk ezezkoa. “Hondarribiak pauso sendoa eman du berdintasunaren bidean”, zehaztu du udalak. 124 lan lerro ditu planak.
Udalbatzar tentsoa izan zen atzokoa, eta ez bakarrik alderdi politikoen eledunen planaren aldeko edo kontrako ekarpenei dagokienez. Publiko artean 2026-2029 epealdian berdintasun arloan udalaren jarduna gidatuko duen dokumentu estrategikoaren aldekoak eta kontrakoak ere izan ziren. Aldekotasun edo kontrakotasun hori batik bat Alardearen gaiaren gaineko bi puntuek ekarri zuten, honakoek: batetik, alardearen inguruko gatazkaren konponbidean aurrera egitea, berdintasunari lotutako auzi gisa ulertuta; eta, bestetik, alarde parekidearen alde emakumeen eskubideen defentsan pairatutako indarkeria aitortzeko moduak aztertzea. “Planak Alardea ere lantzen du berdintasunaren ikuspegitik, Emakunderen babesarekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea dela ulertuta”, zehaztu du udalak.
Udalak nabarmendu du planaren abiapuntua diagnostiko “zorrotz eta parte hartzailea” izan dela. Lau ardatzekoa da: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea, gizarte-antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta jasangarria; eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Urtez urte garatuko diren ekintzen artean, honakoak nabarmendu ditu udalak: ikerketa feministarako beka sortzea eta indarkeria matxistari aurre egiteko tokiko protokoloa diseinatzea (2026); LGTBIQ+ diagnostikoa eta ekintza plana egitea eta jabekuntza eskola sortzea talde feministekin elkarlanean (2027); udal barruko berdintasun plana, sexu-jazarpenaren aurkako protokoloak eta diru-laguntza lerroak abian jartzea (2028); eta Emakumeen Etxearen beharra aztertzea eta zaintzaileen lan baldintzak duintzeko sentsibilizazioa lantzea (2029).
Berdintasun Mahairen bitartez landu du udalak Hondarribiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana. HITZA-k mahaiko kideen iritziekin erreportajea egin zuen martxoaren hasieran.
Jaizkibel konpainia: “Bazen garaia”
Atzoko onarpenaren gaineko balorazioa egin du Jaizkibel konpainiak. Azaldu du 2026an ez lukeela albiste izan behar berdintasun plan batean Alardearen testuinguruan eman den parekidetasun ezari aurre egiteko neurriak jasotzea. “Albistea, hain zuzen, hori egiteko 2026. urtera arte itxaron izana da”. Dena dela, ados dira konpainiak herriak parte hartzearen bidez eta diagnostiko konpartitu batean oinarrituta garatutako berdintasun plana duelako. “Berdintasun teknikari bat eta Berdintasun Mahai bat ere ditugu herrian. Bazen garaia”.
Atzera begira jarri da Jaizkibel. 2023ko udal hauteskundeak baino lehen alkatetza zutenei begira, hain zuzen ere. “Agerikoa da, duela hiru urtera arte, gure herria gobernatu dutenen partetik, berdintasuna lantzeko nahirik egon ez dela. Atzoko Udalaren Osoko Bilkuran EAJk eta PSE-EEk planari emandako kontrako bozka larria da oso. Paradoxikoa da, Gasteizko legebiltzarrean, bi alderdi hauek Berdintasun Legearen alde bozkatu izana, zeinetan argi esaten den jaien testuinguruan ematen diren diskriminazioei aurre egin behar zaiela, baina Hondarribian, emakumeen parte hartzea ukatzen duten horien alboan jarri izana”.
Izan dira plana egiteko prozesuan “bazterkeria” salatu duten eragileak. Horren gaineko iritzia ere eman du Jaizkibelek: “Bazterketa, Jaizkibel konpainiak eta Alarde herritar bat sustatu duten horiek jaso izan dugu urtez urte. Baina hauek guztiak, beste hainbat herritarrekin batera, aurrera begira jarri nahi dugu, non emakumeonganako diskriminazio eta indarkeriarik ez den egongo. Horretarako gogor egingo dugu lan, jaietan, baina baita egunerokotasunean ere”.
EAJ: “Arazoa ez da edukia, prozesua baizik”
EAJk ere atzoko udalbatzarraren balorazioa egin du. Azaldu du planaren neurri gehienekin bat datorrela, baina alderdi horren planarekiko kontrakotasuna argudiatzeko honakoa esan du: “Argi utzi nahi dugu arazoa ez dela edukia, prozesua baizik”. Zentzu horretan, EAJk nabarmendu du planaren oinarri den diagnostikoa ez dela emakume guztiekin landu, “eta bazterketa horrek baldintzatu du dokumentu osoa. Ez gaude planeko puntu jakin batzuen inguruko eztabaidaren aurrean. Arazoa da emakume batzuk hasieratik kanpo utzi direla, eta horrek ezinezkoa egiten du plana babestea”.
Prozesuan sakondu du EAJk. Hala, plana osatzeko bidea “planteamendu ideologiko itxi eta sektario” bati erantzun diola uste du, “eta hori bateraezina da inklusiotik eraiki beharko litzatekeen politika publiko batekin”.
Jeltzaleek adierazi dute udaletxearen aurrean “ehunka pertsona” mobilizatu zirela atzokoan planaren kontra, “modu isilean”. Kritikatu du udal gobernuak “errealitate hori gutxietsi eta ezkutatu” nahi izan duela.

