ELA: "Momentuz sentsazioak oso positiboak izaten ari dira"
Greba jarraipena izaten ari dela ziurtatu du ELA sindikatuak. Hala ere, borroka gaur bukatuko ez dela ziur dira: "Langile arteko gutxieneko soldata lortu arte aktibo eta borrokatzen jarraituko dugu".
Gaur martxoaren 17a da, greba orokor eguna, eta ELA sindikatuak adierazi du orain artean dituzten datuekin “sentsazioak oso positiboak” izaten ari direla. Bozketa egin duten enpresetan neurgailu objektiboak dituzte, eta horietan “emaitzak positiboak” direla jakinarazi du ELAk. Industria handietan, CAFen eta Niessenen esaterako, bozketa egin eta itxita daude. Bozkatu ez den lantokietan momentuz ez dute intzidentzia errealaren daturik. Datu objektiboak, gainera, eguna bukatu arte izango ez dituztela baietsi du sindikatuak, lantegi askotan txanda ezberdinak baitaude.
Komertzio askok ateak itxi dituztela jakinarazi du ELAk, baina kate handi asko funtzionatzen saiatu direla nabarmendu dute: “Zara, BM batzuk, Alcampo, Carrefour, Mercadona… saltoki handiek jende asko dute eta oso zaila da beren dinamika gelditzea. Piketeez gain, horietan intzidentzia notatzeko delako, gainontzean ez dute itxi”.
Grebak “jarraipen zabala” izan du Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udaletan. Horrez gain, greba egin zezaketen langileen erdiak baino gehiagok Hondarribiko Udalean ere egin duela jakinarazi du ELAk. Une honetan sindikatuak ez du Irungo Udaleko daturik.
Garraioan zerbitzu minimoak %20an esleituta daudela zehaztu du sindikatuak. ELAk gaineratu du Ondarretan intzidentziaren bat egon dela goizeko lehen orduan Ekialdebuseko autobus batekin: “Gatazka pixka bat egon da, batzuetan kamuflatu egiten direlako zerbitzu minimoak zerbitzu minimo ez direnekin. Guk ziurtatu nahi dugu zerbitzu minimoak ateratzen direla, baina horiek bakarrik”.
Greba jarraipena izaten ari dela ziurtatu du ELAk, baina borroka hau gaur bukatuko ez dela ziur dira: “Langile arteko gutxieneko soldata lortu arte aktibo eta borrokatzen jarraituko dugu”.

