Irungo Udala: "Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunarekiko gure konpromisoa berresten dugu"
"Diskurtso antifeministak kolektiboki antolatutako eraso politikoa dira, eta, beraz, ezin dugu onartu eztabaida publikoaren barruko iritzi hustzat hartzerik", esan du udalak.
Irungo UdaletxeaIzaro Perez Loperena Igandeko Martxoaren 8aren harira Irungo Udalak erakunde adierazpena egin du. “Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunarekiko gure konpromisoa berresten dugu, uste osoz berretsi ere, uko egin ezineko printzipio demokratikoa baita, eta gizarte justu, libre eta kohesionatu baten oinarrizko zutabea”, adierazi du prentsa ohar modura iritsi den adierazpenean: “Gaur egun, mugimendu antifeminista gora egiten ari da, eta, harekin batera, diskurtso erreakzionario eta misoginoak; funtsezko lorpenak auzitan jarri nahi dituzten narratibak, nahasmena sortu nahi dutenak eta indarkeria matxistaren existentzia bera ukatu nahi dutenak. Diskurtso antifeministak kolektiboki antolatutako eraso politikoa dira, eta, beraz, ezin dugu onartu eztabaida publikoaren barruko iritzi hustzat hartzerik”.
Berdintasunaren alde egitea ez dela aukera bat ziurtatu du udal erakundeak, “ezta ideologia kontu bat ere”. Berdintasuna giza eskubide unibertsal aitortu eta babestua dela adierazi du, “emakumeen, mugimendu feministaren, erakundeen, instituzioen eta aliatuen hamarkadatako borrokari eta ekintza kolektiboari esker lortutakoa; eskubide bat horiek guztiek diskriminazioa amaitzeko, askatasunak areagotzeko eta pertsona guztientzako aukerak bermatzeko egindako lanari esker lortutakoa”. Hezkuntzan jarri du fokua adierazpenean udalak: “Gizarteak berdintasunean heztea aldarrikatzen dugu, estereotiporik ez izatea, eta errespetu, askatasun eta duintasun harremanetan oinarritzea; indarkeria matxistaren biktimak eta hura jasa(te)n dutenak errekonozitu, entzun eta laguntzea. Berdintasunaren alde egiteak berekin dakar menderakuntza patriarkal eta soziala erreproduzitzen duten diskurtso eta jardunbideei aktiboki aurre egitea. Argi eta garbi diogu berdintasunik gabe ez dagoela demokrazia beterik eta indarkeria matxista desagerrarazi ezean ez dela izango guztiontzako askatasunik”.
Konpromisoak ere hartu ditu udalak, honakoak hitzez hitz:
- Hirian diskurtso misogino eta antifeministen kontra eta informazio faltsuaren zabalkundearen kontra egiten duten taldeak sor daitezen bultzatzea.
- Tokiko taldeekin lan egitea jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak deuseztatzeko.
- Talde feministekiko eta tokiko beste eragile batzuekiko erresistentzia aliantzak sustatzea, bizikidetza espazioetan eta komunitate birtualetan jarrera antifeministak identifikatu eta eteteko.
- Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunarekiko gure konpromisoa berrestea eta Irungo Emakumeen Etxearen funtsezko eginkizuna azpimarratzea, topagunea, babesgunea eta ahalduntze gunea baita eta Irungo gizartea justu eta berdinzaleagoa izatea bultzatzen baitu.
Iganderako, Martxoaren 8rako, elkarretaratzera deitu du Irungo Berdintasun Batzordeak, 11:00etan, san Juan plazan. Hiriko mugimendu feministak eta emakume mugimenduek antolatutakoetan ere parte hartzera deitu ditu udalak irundarrak.

