Irun eta Hondarribiko alkateek diote Jaurlaritzak ez duela eskualdeko eredu pediatrikoa berrikusiko
Cristina Laborda eta Igor Enparan "kezkatuta" agertu dira Bidasoako ESIko Gizarte Kontseiluan, Osakidetzak ez baitu pediatriako larrialdien itxiera berriz aztertuko.
Cristina Laborda Irungo alkatea eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea Bidasoako ESIko Gizarte Kontseiluan izan dira “eskualdeko osasun zerbitzuen hobekuntza defendatzen jarraitzeko”. Era berean, jakinarazi dute Osakidetzak ez duela birplanteatuko joan den maiatzetik ezarritako pediatriako asistentzia eredua. Bide horretan, alkateek diote horrek ez diola erantzuten eskualdeko familien behar zein eskaerei.
Hots, aipatu dute iazko maiatzetik ezarritako sistemak ez diola “erantzun eraginkorrik” ematen dauden beharrei, baina, nabarmendu dute ez dutela etsiko eta ez dutela betikotuko zein normalizatuko haurtzaroari arreta kentzen dion egoera bat. Hartara, gaur egungo eredua berrikusteko beharra berretsi dute Labordak zein Enparanek.
Horretaz gain, baina, Irungo zein Hondarribiko alkateek “positibotzat” jo dituzte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren planaren garapenean egindako aurrerapenak, eta kontseiluan Jaurlaritzarekin “lankidetza aktiboa” izateko konpromisoa berretsi dute “bi udalerrietako osasun sistema hobetzen eta osasun sistema publikoa indartzen laguntzeko”.
Bestalde, Labordak modu positiboan hartu du Eusko Jaurlaritzak gaur goizean egindako iragarpena; izan ere, Oñaurreko lurzoruaren lagapena eskatu dio formalki udalari osasun zentro berri bat eraikitzeko. Laborda: “Denborak arrazoia eman digu. Hamarkada bat baino gehiagoz mahai gainean planteamendu zehatz bat egin ondoren, gaur egiaztatu dugu Oñaurreko osasun zentro berri bat egiteko gure proposamena errealitate bihurtzen hasi dela, eta Irunek hirugarren anbulatorioa izango duela”.
Hartara, bi alkateek nabarmendu dute azpiegitura berrien eraikuntzan egiten den edozein aurrerapenekin bat egingo dutela “beti” herritarren beharretara egokitutako kalitatezko arreta bermatuz. Enparan: “Berretsi egiten dugu Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko elkarrizketa bat izateko prest gaudela hain funtsezkoa den gai honetan adostasuna lortzeko eta, aldi berean, kalitatezko osasun publikoa bermatzeko, familiek eskatzen duten bezala”.

