Sei urte dira Hondarribiko Gaztetxea desalojatu zutenetik
Gaztetxeko kide ohiek adierazi dute data hartatik usteltze prozesu batean dagoela eraikina, inork zaindu gabe. Horrez gain, gaztetxe baten beharra aldarrikatu dute.
2019. urtean ireki zuten Hondarribiko Gaztetxea, eta 2020ko martxoaren 5ean itxi, baina ez boluntarioki. Sei urte pasa dira Egiluz jauregia desalojatu zutenetik, hau da, Hondarribiko Gaztetxea itxi zutenetik. Gaztetxeko kide ohiek data gogorarazi nahi izan dute, aldarrikatuz herriak gaztetxe baten beharra duela, eta azkeneko sei urteetan ez dela behar hori asetu. 11 hilabeteko ibilbidea izan zuen gaztetxeak, eta “gutxi” izan arren, “bizitzaz beteriko tokia” izan zen.
Ostiral Santuan okupatu zuten Hondarribiko gazteek momentu hartan elizaren jabetza zen eraikina, Egiluz jauregia. Herriko ondare historikoaren zati den jauregiak hamar urte baino gehiago zeramatzan abandonatuta, eta hori bera izan zen epaileak lau gazte absolbitzeko erabilitako arrazoia. Okupazio karguak kendu zizkieten, baina elizak prozesu administratiboa jarri zuen martxan, herriko gazteak kanpo nahi zituen eta. Prozesu administratiboak luzeagoak izaten dira, eta horrek tartea utzi zien gazteei bertan denetariko egitasmoak eta ekitaldiak antolatzeko. “Ez zuen ezta urte bat iraun Hondarbiko Gaztetxeak, baina hilabete horietan, ehunka egitasmo burutu genituen bertan. Hitzaldiak, proiekzioak, kontzertuak, tailerrak, bilerak, errefortzu klaseak…”, adierazi dute kide ohiek.

Ostiral Santuan okupatu zuten Egiluz jauregia
Gazteen bilgune bilakatu zen, baina hori ez ezik, espazioa “herriari irekitzeko nahia” izan zuten hasieratik. “Alde Zaharra utzitako auzoa izan da azken urteetan, dena Portura bideratzen delako. Eragile kultural eta politiko baten beharra zuen auzoa zen, eta guk, gure borondatearekin eta gogoarekin sustatu nahi genuen zerbait zen hori bera”, azaldu dute kideek. Horregatik, herriko hainbat eragilek hartu zuten parte bertako ekitaldietan, eta eskualdeko beste hainbat mugimenduri laja zitzaien espazioa. “Egindako dena egiteko, espazioa genuen beharrezkoa, eta lortu genuenean, herriari erakutsi genion gazteek oraindik bagenuela herrian eragiteko grina”, esan dute. Gaztetxea zen egindako guztiaren oinarria, eta argi dute Egiluz jauregia okupatu ez balitz, gaur egun hainbat egitasmo ez litezkeela egingo. “Gaur egun Olinpiadak berreskuratu ditugu, baina gaztetxeagatik izango ez balitz, ez genuke dugun talde motorra eratuko. Bertan sortu zitzaigun herrian eragiteko grina, eta hori oraindik mantendu arren, zulo handi bat dugu”.
Haiek esan bezala, lanean jarraitu dute gazteek, baina duela sei urtetik eskakizun berdina egin izan diote Hondarribiko Udalari: gazteei zuzendutako espazioa. “Gaztetxe baten beharra dugu. Gure ekimenak burutzeko beharrezkoa dugu topaleku bat. Ideia eta gogo asko izan ditzakegu, baina erreferentziazko espazio bat gabe, ez goaz inora”. Haien ustetan, belaunaldi berriak harrapatzeko funtsezko elementua dute gaztetxea, eta erreleboa bermatzeko beharrezkoa dute.
“Usteltze prozesuan”
Ertzaintzak desalojatu zuen gaztetxean, barnean zeuden bi gazteak ateraraziz eta haiek identifikatuz. Bi gazte horiek, berriro ere, absolbituak izan ziren prozedura judiziala amaitzerakoan. Egun hartatik, Hondarribiko Gaztetxeko asanblada desegin egin zen, eta harekin batera, gaztetxeko egitaraua. Egiluz jauregiak, aldiz, hainbat aldaketa izan ditu. Hasieran, elizak apaizetxea bertan ezartzeko planak izan zituen, baina azkenean, saldu egin zuen. “Eraikina saldu, eta atzerriko dirudun baten eskuetan erori da, herriko ondareari berriro ere prezioa jarriz. Gainera, ondare historiko moduan kalifikatuta dagoenez, bertan ezin da obra handirik egin, beraz, usteltze prozesuan dago, geldirik, inork zaindu gabe”, azaldu dute gaztetxeko kide ohiek.

