Entzunezko Argia Saria irabazi du Antxeta Irratiak
Irungo auzo patruilen harira Koldo Nausia eta Aimar Lopez kazetariek egindako ikerketa lanagatik irabazi du saria irratia.
Antxeta Irratiak Entzunezko Argia Saria irabazi du, Irungo auzo patruilen harira Koldo Nausia eta Aimar Lopez kazetariek egindako ikerketa lanagatik. Atzo izan zen euskarazko komunikazioaren Argia Sariak emateko ekitaldia, Usurbilgo Atxega jauregian. “Argitalpen honen artikulu sortak eta bideo erreportajeak Interneten izan zuen oihartzuna aintzat hartu dute, Koldo Nausia eta Aimar Lopez kazetariek hainbat hilabetez egindako ikerketa lana saritzeko”, esan dute irratitik.
“Bizi ditugun garai hauek kazetaritza ausarta behar dute, ardi-larruz jantzitako otsoei mozorroa kentzeko gai den kazetaritza, eskuin muturrak hauspoturiko diskurtsoei aurre egiten diena. Segurtasunaren izenean kaleak patruilatzea helburu omen zuen hiritar taldearen benetako izaera azaleratu du sarituak: taldearen barrunbeetan sartu da eta agerian utzi du delituak prebenitzearen aitzakian, islamofobia, xenofobia eta gorrotorako bazka ezkutatzen direla bertan”, azaldu du Argiak, Antxetari emandako saria testuinguruan jartzeko.
Antxetako Nausiak eta Lopezek kazetariek atzo nabarmendu zuten tokiko hedabideen lanaren garrantzia eskuin muturraren aurrean: “Beldurraren diskurtsoaren laborategiak dira auzo-patruilak; tokiko kazetariei dagokigu alarma gorria piztea, herritarrak informatuta”.
Antxetak jasotakoaz gainera, beste hainbat eman zituen Argiak. Ondoko zerrendan horiek:
- Prentsako saria: Jakin aldizkaria, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki berezia.
- Ikus-entzunezko saria: Enarak dokumentala.
- Entzunezko saria: Antxeta irratia.
- Interneteko saria: Inguma datu-basea.
- Kanpaina onenaren saria: Aroztegiko Elkartasun Komitea.
- Merezimenduzko saria: Zenbat Gara elkartea.

