EB-Mercosur hitzarmenaren kontrako ekintza Santiago zubian
Baserritar Bilguneko kideek santiago zubia moztu dute, "EB-Mercosur itunari ezezko irmo, kontziente eta beharrezkoa esateko"
Ekintzaren une bat.Baserritar Bilgunea Baserritar Bilguneak ekintza egin zuen atzo Irungo Santiago zubian, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko lotunea moztu zuten, hainbat kide kateatu egin ziren zubian. Europako Batasunak (EB) eta Mercosurrek iragarri berri duten akordioaren kontrakoa izan zen ekintza: “EB-Mercosur ituna korporazio agroindustrial handien mesederako artefaktu berri bat da, Atlantikoaren bi aldeetan tokiko, bidezko eta lurraldearekiko errespetuzko elikadura ekoizpena daramagun baserritarrak sakrifikatzen dituena”. Itunari ezezko irmoa adierazi zioten ekintzarekin, “ezezko kontziente eta beharrezkoa”.
Desobedientzia zibilaren esparruan kokatu zuten atzokoa, “erakundeek entzuten ez dutenean jendartea antolatu egiten baita. Arduragabea delako enpresa handien mesederako krisi klimatikoa, soziala eta elikadura krisia areagotzen duten itunak sinatzea, bitartean sektore bat dagoenean ikusten duena bere bizi-baldintzak nola prekarizatzen diren desagertzeraino, eta sakoneko erantzunak eskatzen dituen larrialdi ekologiko baten aurrean gaudela”.
Akordio hori, hitzarmen ekonomiko soila ez dela azaldu zuten Baserritar Bilgunekoek atzo: “Mehatxu zuzena da laborarientzat, elikadura burujabetzarentzat, lurraldearentzat eta elikaduraren etorkizunarentzat”. Alta, atzokoa ez zen akordioaren arbuio ekintza soila izan. Estrukturala den elikaduraren gaiari eutsi zioten protestan: “Inposatu nahi zaigun elikadura eredu harrapariaren aurrean alternatiba bat aldarrikatzera ere etorri gara. Badago alternatibarik eta laborari eta abeltzain askok egunero eramaten dugu aurrera”. Alternatibaren oinarriak ere azaldu zituzten: elikadura sistema globalizatu, mendeko eta estraktibista baten aurrean, pertsonak elikatu eta lurraldea zaintzen duen ereduaren alde daude, “lanbide duina sortzen duena, isuriak murrizten dituena eta landa eremuko zein eremu urbano eta komunitateak sendotzen dituena”.
Beraz, EB-Mercosur iruna bertan behera uzteko, herri nekazaritza eta agroekologia babestuko dituzten politikak, nahiz elikadura burujabetzan, justizia sozialean eta planetaren mugak errespetatuko dituen elikadura sistema galdegin zituzten atzokoan. Ordezkari politikoei ere eskaera: “Politikoek baserri iraunkor eta bizitza duinak izatearen aldeko neurriak babestu behar dituzte. Era berean, salatzen dugu EAJk ituna EBko Justizia Epaitegira bidaltzearen kontra bozkatu zuela; hau da, ituna martxan jartzearen alde dagoela”.
Ondoko bideoko irudiak Baseritar Bilgunekoek HITZAra bidalitakoak dira:

