Emakumeen Etxeari egindako mehatxuei aurre egiteko, elkarretaratzea
19:00etarako deitu dute mobilizazioa, Istillaga plazan, 'Bai berdintasunari, bai feminismoari' lelopean.
Irungo Emakumeen Etxearen ataria. Emakumeen Etxeak, posta elektronikoz, mehatxuak eta gorroto mezuak jaso ditu. Horren harira, elkarretaratzera deitu dute hiriko hainbat eragilek (beheko kartelean ikus daiteke horien zerrenda) gaur (hilak 2o, asteartea) 19:00etarako, Istillaga plazan. Emakumeen Etxearen parean, alegia. Bai berdintasunari, bai feminismoari lelopeko deialdia egin dute.
Irungo Udalak eta Emakumeen Etxeak jakinarazi dutenez, mehatxu horiengatik atzo (hilak 19, astelehena) emakumeen babeserako eta ahalduntzerako espazioa itxi behar izan zuten. Gaur zabaldu dute berriz ere, «beharrezko segurtasun neurriak hartuta». Salaketa jarri, eta Ertzaintza mehatxuen egileen bila hasi da ikerketa bidez.


