EAJk Udal Gobernuaren "zifren makillajea eta triunfalismoa" salatu ditu
Agintaldi planeko neurrien 119, hau da, %82a, osatuta edo osatze bidean dagoela esan zuen Igor Enparan Hondarribiko alkateak ostegunean. EAJ, baina, ez dago ados esandakoarekin.
Hondarribiko EAJk Abotsanitz eta EH Bilduren Udal Gobernuak “autokonplazentzia, zifren makillajea eta propaganda” egin izana salatu du ohar bidez. Diotenez, Udal Gobernuak agintaldi planaren %82 bete dutela edo martxan dutela ziurtatzen dute; jeltzaleak, baina, ez dira kontent horrekin, euren hitzetan, ehuneko horri beren datuekin ez baitzaio eusten.”Neurri guztien %44 bakarrik har daiteke benetan betetzat. Gainerakoak egoera oso desberdinetan daude, eta Udal Gobernuak modu interesatuan batzen ditu herritarrei emandako hitzaren benetako betetze maila islatzen ez duen portzentajea eraikitzeko”, jarraitu dute .
EAJrentzat, baina, “betetzea ez da espediente bat irekitzea edo asmo bat iragartzea. Betetzea da gauzatzea, amaitzea eta arazoak konpontzea. %82 betetze gisa aurkeztea hitzaren esanahia manipulatzea da”.
Bide horretan, jeltzaleek irmo salatu dute “portzentaje hori puzteko erabili den metodoa”, euren ustez neurri guztiei “pisu bera” ematen baitzaie “hirian eta herritarren eguneroko bizitzan duten benetako eragina kontuan hartu gabe”. Zehatzagoak izate aldera, EAJren iritziz Udal Gobernuak etxebizitza eredua, hirigintza plangintza edo zerbitzu publikoak bezalakoak “ekintza puntual eta eragin oso mugatukoekin parekatzen ditu”, hala nola, hitzaldi informatiboak, sentsibilizazioa kanpainak edota diagnostikoak. “Ezin da ekintza puntual bat edo irekitako prozesu bat etxebizitza politika batekin, kiroldegiaren kudeaketarekin edo Hondarribiaren etorkizun urbanistikoarekin parekatu. Guztia berdin kontatzeak zenbakiak puzteko eta errealitatea makillatzeko baino ez du balio”.
Gauzak horrela, EAJk salatu du “kontabilizatzeko modu horrek aukera ematen “diola Udal Gobernuari ” ekintza txikiak pilatu eta portzentaje handiak aurkezteko, hiriak dituen egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen duten bitartean”. Are; jeltzaleentzat “bereziki kezkagarria” da aurkeztutako balantzeak duen “tonu triunfalista, udalerriaren benetako egoerarekin bat egiten ez duena”.
Aipatutakoaren adibidetzat jo dituzte zenbait kasu: udal kiroldegiak “behar baino zerbitzu gutxiago” eskaintzen dituela eta, instalazioak “hilabeteak” daramatzala itxita “irtenbide argi eta hurbilik gabe”; udala “milioika euroko demanda bati aurre egin beharrean” dagoela; hiriak “utzikeria irudia” ematen duela, edota “hobetu beharrean bizikidetza arazoak berriro agertu” direla. “Arazo hauek guztiak pilatzen diren bitartean kudeaketa eraginkorraz eta hiri kohesionatuaz hitz egitea, gutxienez, harrigarria da”, gaineratu dute.
“Proiektuen apropiazioa eta memoria selektiboa”
Bestalde, EAJk irmo salatu du egungo Udal Gobernuak “bere gain” hartu izana “berak sortu ez dituen proiektuak”, euren hitzetan, EAJk gidatutako aurreko legealdian diseinatu, landu edota bideratutakoak baitira: “[Gobernu taldea] ez da gai aitortzeko gaur egun bere lorpen gisa aurkezten dituen proiektu askok aurreko gobernuak egindako plangintzan, azterketa teknikoetan eta lan metatuan dutela oinarria”.
Halaber, jeltzaleek kritikatu dute proiektuak “berandu” bidaltzen direla; oposizioari “ez zaiola diseinuan parte hartzen uzten” eta “elkarteekin biltzea ez dela elkarrizketa erabakiak aldez aurretik hartuta badaude”. Hori parte hartzea ez, “makillajea” dela diote.
Azkenik, Hondarribiko EAJk politika egiteko “beste modu bat” defendatu du, “zorroztasunean, zintzotasunean eta errespetu instituzionalean oinarrituta” dagoena.

