'Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria' dokumentala bihar, ETB 1en
Jesus Carreraren fusilamenduaren 81. urteurrenarekin batera, telebistan aurkeztuko dute dokumentala. 16:00etan emango dute.
1945eko urtarrilaren 16an –duela 81 urte–, 33 urte zituela, Alcalá de Henareseko hilerrian fusilatu eta hobi komun batean lurperatu zuten Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarra. 2018an lortu zuten haren senideek gorpua bere jaioterrira ekartzea.
Alabaina, Carrera nor zen, zergatik hil zuten eta haren oroimena zergatik isilarazi duten hirurogeita hamar urtez baino gehiagoz bezalako galderei erantzuteko ondu dute Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria dokumentala.
Maria Carrera eta Xabi Carrera protagonistaren ilobak euren osabarekin zer gertatu zen jakin eta euren zauria ixteko beharretik abiatuta, Paco Etxeberria forentseak zuzendutako exhumazio prozesuan barneratu ziren, eta euren bizipenak partekatu dituzte.
Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria dokumental historiko bat da, eta Carrera hil eta 79 urteren ondoren frankismopeko garairik latzenean PCE alderdiko Idazkari Nagusia izatera iritsi zen euskal komunistaren historia pertsonal zein politikoa berreraiki eta memoria kolektiboan txertatzeko asmoa du.
Aitor Baztarrika da dokumentalaren zuzendaria, eta azaldu du dokumentala ikerketa bat egiteko erronka moduan hasi zela. “[Dokumentala] baliabide gutxirekin egindako zerbait da, ekipo txiki eta inplikatu batekin egina, eta dokumentala amaitzea erronka bat izan zen”.
Hondarribian bertan egin zuten dokumentalaren aurkezpena, eta esperientzia “oso positiboa” izan zela azaldu du. Era berean, gehitu du Carreraren gorpua zein haren istorioa hondarribiarrei ekartzea eta zabaltzea “pozgarria” izan zela. “Erreparazio eta errekonozimendu” moduko zerbait izan da.
Dokumentalarekin, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren ikus entzunezko Lauaxeta saria (2024) eta FICAB publikoaren saria (2024) irabazi dituzte, eta pozik agertu da horrekin zuzendaria.
Dokumentala hamaika herritan barrena proiektatu dute, eta denen eskura jarriko dute bihar, ETB 1 katean emango baitute 16:00etan.

