Udal Euskaltegia ikasturte berria abiatzeko prest da
Matrikulazio epea itxita dagoen arren, oraindik hainbat maila eta ordutegitan eman daiteke izena. Ikasturtea 2025eko urriaren 2an hasi eta 2026ko ekainaren 7an amaituko da.
Hondarribiko Udal Euskaltegiak aste honetan hasiko du 2025-2026 ikasturtea, urriaren 2an hain zuzen. Saioek 2026ko ekainaren 7ra arte iraungo dute. Matrikulazio epea itxita dagoen arren, hainbat maila eta ordutegitan oraindik badela plazarik esan dute, eta horietan izena emateko aukera dagoela urtarrileko matrikulazio aldira itxaron gabe.
Gainera, urtero bezala euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko aukera izango dute ikasleek: Langabetuek matrikularen %90eko hobaria jaso dezakete EABA (DARDE) agiria aurkeztuta, eta Hondarribian erroldatutakoek ikasturte amaieran %80ko asistentzia izanez gero %100eko dirulaguntza jasoko dute.
Maila guztietarako ikastaroak eskainiko dituzte: A1etik C2ra bitartean. Saioak aurrez aurrekoak zein onlinekoak izan daitezke, goizez edo arratsaldez.
Euskaltegiak jakinarazi duenez, aurrez aurreko eskaintzan berritasun garrantzitsua izan dute aurtengo ikasturtean. Urte askoren ostean, lehen aldiz, titulua lortzea helburu ez duen talde bat sortu da. “Orain arte, titulurik eskuratu nahi ez zutenek zaila izaten zuten beraien ordutegira egokitutako talde bat osatzea eta, sarritan, agiria behar zuten ikasleekin batera aritu behar izaten zuten. Aurten, ikasleen ekimenari esker sortutako talde berri honek aukera berriak ireki ditu, herritarren beharretara egokituz”.
Era berean, ikasleek Euskara Sailak antolatutako hainbat egitasmotan parte hartu ahal izango dute: Mintzalaguna, irakurmen taldea, San Gabriel egoitzan egiten diren mintza-saioak… Eta urtero bezala, euskararen erabilera sustatzeko gelaz kanpoko jarduerak ere antolatuko dituzte euskaltegiko ikasleentzat.
HABE, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta administrazio publikoetako titulazio ofizialak eta hizkuntza-eskakizun guztiak (HE1-HE4) prestatzeko aukera eskaintzen du Euskaltegiak. Informazio gehiago Hondarribiko Udal Euskaltegiaren webgunean aurki daiteke.

