'Reencuentro' erakusketaren xehetasunak emango dituzte IrekiARTen
Jon Benet 'Jonbismo' artistaren obrez osatutako erakusketa da, eta urriaren 3 eta 4an Benetek bisita gidatuak egingo ditu xehetasunak emateko.
CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroko IrekiART aretoan Jon Benet Jonbismo artistaren Reencuentro erakusketa dago ikusgai, eta jakinarazi dutenez urriaren 3 eta 4an doako bi bisita gidatu egingo dituzte erakusketa osatzen duten piezen xehetasunak azaltzeko; obren egileak berak gidatuko ditu bisitak.
Kontatu dutenaren arabera, “prozesu artistiko pertsonal baten parte” den eskultura sorta bat da erakusketa, eta Beneten praktika digitala eta hazi den lekuaren materia naturalak bat egiten dute erakusketa horretan. “Jonek bidean ikasi duenaren eta haurtzarotik haren baitan iraun duenaren artean eraikitako identitate bati forma emateko beharretik sortu da proiektua”, diote.
Bisita gidatuak IrekiART aretoan bertan izango de; urriaren 3ko (ostirala da) bisita 19:00etan izango da, eta, urriaren 4koa, berriz, 12:00etan. Horietan parte hartzeko ez da izenik eman behar.

