Eman daiteke izena 'Gure artean' programan
Emakumeen Etxean antolatzen diren jardueren bidez emakumeei hirian integratzen laguntzea helburu duen ekimena da.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi duenez, bueltan da Gure Artean programa. Irunen bizi diren emakume migratzaile eta ez migratzaileei zuzendutako ekimena da, eta Emakumeen Etxean antolatzen diren jardueren bidez hirian integratzen laguntzen die.
Azpimarratu dutenez, proiektuaren helburua emakumeen artean babes eta elkartasun sare bat sortzea eta Irungo gizartean integratzea bultzatzea da. Ildo horretatik, parte hartzaileek beren interes eta esperientzien berri ematen diote elkarri, ohitura, kultura eta baliabideen zein zerbitzuen berri izaten dute, eta enplegu bilaketa eta prestakuntza bezalako gaiak jorratzen dituzte. Era berean, aisialdiko jarduerak antolatzen dituzte, eta behar duenari hizkuntza praktikatzeko aukera ematen zaio.
Gure Artean programan parte hartu nahi dutenek telefono bidez eman behar dute izena 943 50 56 35 edota 602 21 81 96 zenbakietara deituta. Zerbitzu hori 09:30-13:00 artean egoten da irekita astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan; ostegunetan, berriz, 16:00-19:00 artean. Programan parte hartzeko ez da ordaindu behar.
Izena ematen duten emakumeekin bi talde osatzen dira, eta jarduerak irailetik ekainera egiten dituzte. Txanda bat ostegun arratsaldetan (17:00-18:30) izaten da, eta bestea, berriz, ostiral goizetan (10:00-11:30). Saioak Irungo Emakumeen Etxean izaten dira.

