San Migel, Antzaran eta Pinarren edukiontzi marroiaren erabilera areagotu nahi dute
Azaoaren 4ra bitartean ingurumen hezitzaileak etxe zein saltokiak bisitatuko dituzte. Gainera, informazio puntu bat ere jarriko dute.
BidaSOS 2030 kanpainak aurrera jarraitzen du Irunen edukiontzi marroiaren erabilera handitzeko. Santiago, Larreaundi, Olaberria eta Meaka auzoetan dagoeneko “sendotu dute eraginkortasuna”, eta orain San Migel, Anzaran eta Pinar auzoetan handitu nahi dute edukiontzi horren erabilera.
Aurretik landutako guneetan 3.400 etxebizitza berri baino gehiago batu zitzaizkion materia organikoa bereizteko kanpainari; are, hasieran etxebizitzen %52 ziren, eta dagoeneko %68ra heldu da kopurua. Hala ere, fase berri horrekin joera horri eutsi eta eremu horietan alten %70 lortu nahi dute.
Cristina Laborda Irungo alkatea eta Mankomunitateko presidentea: “BidaSOS 2030 programak erakusten digu hurbiltasuna eta laguntza eskaintzen direnean herritarrek erantzuten dutela. Auzo bakoitzean ikusten dugu nola handitzen diren altak edukiontzi marroian eta nola hazten den ingurumen kontzientzia. Orain, beste urrats bat egin nahi dugu San Migel, Anzaran eta Pinarren, non oraindik hobekuntzarako aukera handia dagoen”.
Era berean Leire Zubitu Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak azaldu du birziklatze organikoa eskualdeko ingurumen estrategiaren zutabeetako bat dela. “Ez gara hondakinak bereizteaz bakarrik ari, baizik eta eguneroko ohitura bat etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egiteko aukera ematen digun konpromiso partekatu bihurtzeaz”.
Hori horrela, hilaren 24tik azaroaren 4ra bitartea ingurumen hezkuntzako talde bat San Migel, Anzaran eta Pinarreko etxebizitza eta saltokiak bisitatzen ariko da informazioa emateko, zalantzak argitzeko edota hondakin organikoak behar bezala bereizteko tekniken berri emanez.
Horretaz gain, bulego ibiltari bat jarri dute Lucas de Berroa kaleko 2. zenbakian herritarrei arreta emateko edota etxeko ontzi zein poltsa konpostagarriak jasotzeko. Bulego hori astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik.

