"Lanketarik egiten ez bada, ez gara errealitate honetaz gogoratzen"
Agifes erakundeko psikologoa da Etxenike (Ziga, Nafarroa, 2000), eta 'Suizidioa prebenitzeko eta babesa emateko laguntza sareak' izeneko hitzaldia eskaini zuen asteazkenean Kultur Etxean.
Agifes erakundeko profesionala izateaz gain, Biziraun elkarteko kidea ere bada Etxenike. 2021ean batu zen hara, senide baten heriotzaren ondorioz. Elkartean elkar laguntzako taldeak koordinatzeaz arduratzen da, eta gizartean suizidioaz hitz egiteko dagoen beharra aldarrikatu du.
Zergatik da garrantzitsua gai honi buruzko informazioa zabaltzea?
Oinarrizkoa eta garrantzitsua iruditzen zait, azken finean, ez bada honen inguruko lanketarik egiten ez garelako gogoratzen errealitate honen existentziaz. Beti adibide bera jartzen dut: suizidio hitza gure eguneroko hiztegiaren barne sartzea da. Guri, adibidez, aitaren egoera pasa zitzaigunean, suizidio hitza ez nuen nire hiztegian %100ean, eta hitz hau ez badugu presente edo ez badugu onartzen, horrek zaildu egiten du detektatzea hurbil tokatzen zaigunean.
Orduan, bereziki, nolabaiteko presentzia eta garrantzia emateko modua da, ulertzeko zer nolako errealitate hurbila den.
Zein da egungo egoera gizartean?
Gizartean gai honekiko egoeran gauza aunitz erraten ahalko nituzke. Alde batetik, azterketa sozial bat eginez gero, erran dezaket oraindik segitzen duela nahiko gai tabua eta isila izaten. Eta honekin batera erran behar da gure inguruan presente dagoen errealitatea dela. Hainbat datu daude, eta horiek kakotxen artean hartzen ditut nik, azken finean, ez dakigulako zer portzentaian islatzen den errealitatea. Adibidez, gaur egun erraten da bi egunetik behin EAEn pertsona batek bere buruaz beste egiten duela. Datu ofizialak dira horiek. Baina badaude heriotza aunitz, nolabait, azpi erregistro batean daudenak, eta ez dakigunak errealitatean zer nolako eragina duten.
Biziraun elkartean, adibidez, baditugu pertsonak erran digutenak beren senideak bere buruaz beste egin zuela, baina publikoki heriotza horiek beste modu batera azaldu direnak. Orduan, hor zaila suertatzen da egiaztatzea zein kopururen aurrean gauden, eta zer errealitateren aitzinean. Beti aipatzen dudan kontuetako bat da kalkulatzen dela pertsona batek bere buruaz beste egin duenean, badaudela beste 20 saiakera bat egin dutenak. Eta noski, kontuan izan behar da aldi berean saiakerak egin dituzten horien senideak nola dauden. Kalkulatzen da munduko biztanleek %30-%35 artean irits daitekeela suizidio pentsamenduak edo asmoak izatera. Eta nire kasuan bezala, doluan gauden senitartekoak ere asko gara. Errealitatearen mamua ikaragarri handia da.
Beraz, honetaz guztiaz hitz egiteko eta hausnartzeko beharra dago.
Bai. Azken batean gizartean ezjakintasuna dago. Tabua da, ez da horretaz solasten, eta behar handia dago. Zenbait sektorek aldarrikatzen dute badagoela behar hori. Baina noski, perspektiba edo iritzi ezberdinak ikusten dira. Beste zenbait sektorek diote: «Ez dugu honetaz solastuko, zeren agian guk probokatuko dugu». Orduan bi korronte horiek daude.
Eta aldi berean, askok uste dutenaren kontrara, garrantzitsua da helaraztea edozein familiatan gerta daitekeela.
Bai. Uste faltsu bat ere badago: niri ez zait tokatuko. «Nire familia normala da edo nire bizitza eta ingurunea normala da —goazen definitzera zer den normala (barrez)—, eta niri ez zait tokatuko». Eta gero, behin tokatzen zaizunean zure buruari galdetzen diozu: «Baina nolatan niri?».
Nik, adibidez, 2020an galdu nuen aita. Harrezkero elkarte batean sartu nintzen [Biziraun] eta bertan aurkitu nituen familia guztiak normal-normalak dira. Eta familia horietan guztietan ez zuten, eta ez genuen espero, edo zaila suertatzen zitzaigun pentsatzea hau pasatzen ahal dela. Azken batean da errealitate arrotz hori aurpegiaren aitzinean jartzea.
Errealitate horren aurrean babes sareak sortzeak garrantzi handia du, ezta? Zein da gakoa sare horiek sortzeko?
Lehenik eta behin, aipatuko nituzke espazio seguruak. Ez espazio fisikoak, baizik eta loturari eta harremanei dagokienez espazio seguruak. Zer da espazio horrendako garrantzitsua? Bada, sufritzen ari diren pertsonek edukitzea ingurune bat non bere emozioak onartu egiten diren. Egon gaitezke ados edo desados gure buruaren barruan den horrekin. Baina emozio horiek onartu egin behar dira beti. Aunitzetan gure beldurretik-edo erran dezakegu: «Baina nola posible duzu hori pentsatu. Familia bat duzu. Alaba bat duzu». Eta ez gara ohartzen hori eginez ari garela nolabait bere min edo sufrimendu hori baliogabetzen. Halako iruzkinekin lortzen duguna da pertsona hori guztiz ixtea, ez duelako topatu espazio seguru hori. Hori ekidin eta barnetik sentitzen duen hori guztia baldintzarik gabe eta askatasunez konta dezakeen espazio bat sortu behar dugu.
Eta aldi berean, gerta daiteke pertsona horiek ez jakitea oso ondo zer esan, edo nola eman babes hori.
Aipatutako testuinguru horietan, beldurra edo segurtasun eza pertsonarena da. Alegia, ni zure sarea banaiz, eta nik berez zu babestu behar bazaitut, nire beldurra nirea da. Ezin dizut beldur hori zuri pasatu. Eta konturatu gabe pasa egiten dugu. Begiradan ikusten da. Izan daiteke beldurra, lotsa…
Bigarrenik, aunitzetan galdetzen didate non egon, edo zer erran sufritzen ari den pertsonari. Beldurra hori izaten da gehienetan. Gizarte bezala sentitzen dugu halako presio bat zerbait kontatzeko, eta kontatzen dugun horrekin, gainera, mina kentzeko. Beti erraten dut: bi belarri eta aho bakarra ditugu. Ez da kasualitatea izango.
Bestetik, ez dakit nondik sortzen den behar hau besteen mina kentzeko. Adibidez, bikotea galdu duen pertsona gazte bati esatea: «Gaztea zara, beste norbait topatuko duzu». Akonpainamendu saiakera bat da, lagundu nahian. Baina halako esaldiekin aurrean dugun pertsona baliogabetu egiten dugu, eta min gehiago ematen diogu. Nahikoa da deus ere ez erran eta hor alboan egotea. Edo besarkada bat eman eta «sentitzen dut» erratea. Edo galde diezaiokezu: «Zertan lagun zaitzaket?».
Azken hau ere beste kontu bat da. Gure boluntariotzatik hasten gara gauzak eskaintzen, aholkuak ematen… Eman, eman eta eman. Eta igual pertsona horrek ez dizu deus ere eskatu. Bertzearen min horretan ez gara abilak mugitzen, eta saiatzen gara mina aurreratzen. Orduan, egin ahal duguna da pertsonari zuzenean galdetu zer behar duen.
Honekin lotuta entzutearen garrantzia nabarmendu nahiko nuke, eta azken finean pertsona horren erritmora egokitzea.
Posbentzioan aditua zara. Zer esan nahi du horrek?
Posbentzioak, suizidioari dagokionez, erreferentzia egiten dio suizidatu eta gero geratzen denari. Hau da, kasu honetan, doluan dauden pertsonek bizitzen duten dolu prozesuari. Izan daitezke familiak, lagunak, auzokoak… Bestetik, suizidioan erabiltzen diren beste bi termino prebentzioa, suizidio bat egin edo egon aurretik egin daitekeena, eta interbentzioa dira. Interbentzioak erreferentzia eginen lioke saiakera bat dagoenean edo ideazio oso indartsuak dituztenean nola jarduten dugun.
Kontua da hiru termino horiek guk uste baino lotuago daudela. Posbentzioan lan egitea, alegia, suizidio bidez senideren bat edo gertukoren bat galdu duten pertsonekin lan egitea, aldi berean prebentzioa ere bada. Zergatik? Datuek diote suizidio bidez senideren bat galdu duten pertsonek zaurgarritasun maila handia dutela, populazio maila orokorrarekin alderatuta, suizidio ideiak edukitzeko. Orduan, hiru horiek lantzea eta sektore ezberdin horiek (populazio orokorra eta populazio zaurgarria) kontutan hartzea oso garrantzitsua dela uste dut.
Baduzu gizarteari helarazi nahiko zeniokeen mezurik?
Animatuko nituzke herritarrak hitz honekiko interesa agertzera. Badakit mezua bere horretan ez dela erakargarria da, baina praktikoagoa edo baliagarriagoa izango da gu gizarte bezala hitz horrengana hurbiltzen bagara, eta ez horrenbeste, ezustean hitz hori guregana hurbiltzen baldin bada. Orduan, animatzen dut gizartea pauso hori ematera eta informatzera eta ikastera.

