"Giza eskubideak errespetatzea exijitzen dugu"
Sexu esplotazioaren eta pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, eta Txingudiko Elkarte Feministak komunikatua atera du.
Gaur, hilak 23, Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira komunikatu bat argitaratu du Txingudiko Elkarte Feministak. Horrela eman diote hasiera: “Sexu esplotazioa eta emakumeen eta nesken salerosketa giza eskubideen urraketa larria dira, eta jasaten ari garen genero indarkeriaren modurik urratzaileenetako bat da”.
Delitu horiek “gugandik” oso gertu gertatzen direla esanaz jarraitu dute, “gure hirian, gure kale eta plazetan, gure eraikinetan eta espaloietan”. “Aspalditik” egiten direla diote, eta gizarteak etengabe salatzen dituen arren, azpimarratu dute erakunde publikoak ez direla gai delitu horiei aurre egiteko behar diren neurriak hartzeko.
“Txingudiko Elkarte Feministatik uste dugu sentsibilizazioan lanean jarraitu behar dela, batez ere esplotatutako emakume horietaz baliatzen jarraitzen duten gizonei zertan ari diren ikusarazten, kalera ateratzen jarraitu behar dela, ozenki adierazteko guk ikusten zaituztegula, existitzen zaretela, oraindik ere badirela esklabo sexualak gure herrialdean, legeak aldatu behar direla, ez dela bidezkoa begiak itxita jarraitzea”.
Ildo horretatik, elkarte feministak zerrendatu ditu biktimen arrisku faktoreak: pobrezia, desberdintasuna, hezkuntzarako sarbiderik eza eta patriarkatua.
“Berriro salatzen dugu delitu horiei aurre egiteko ardura duten erakunde publikoen pasibotasuna eta axolagabekeria. Irungo Udalak eskumenak ditu gure udalerrian emakumeen salerosketarekin eta sexu esplotazioarekin lotutako jarduerak modu publiko eta agerikoan egiten diren leku asko ikuskatzeko eta kontrolatzeko. Gainera, kontuan hartu behar da Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak ordena publikoaren gaineko eskumenak dituztela delitu horiek gerta ez daitezen”, jarraitu dute.
Era berean, aipatu dute Espainiako Gobernuak eta Parlamentuak beharrezko lege aldaketak sustatu behar dituztela eraginkortasun handiagoz jazartzeko emakumeen esplotazioarekin irabaziak lortzen dituzten mafia antolatuak.
Bestalde, salerosketa eta sexu esplotazioaren biktimen errekonozimendurik eza ere salatu dute, eta, babes neurriak eta aintzat hartzeko protokolo berriak ezartzeko beharra exijitu dute.
“Giza eskubideak errespetatzea exijitzen dugu, eta emakume bakar bat ere zapaldua ez izatea emakume izate hutsagatik. Horregatik borrokatuko dugu, ez ditugu begiak itxiko errealitatea deserosoa bada ere”, amaitu dute.

