GazteARTEan bekan izena emateko epea urriaren 6an itxiko da
8.000 euroko aurrekontua du, eta 35 urtetik beherako gazteen ikerlana sustatzea da ekimenaren helburua. Gaur eman dituzte xehetasunak.
GazteARTEan bekak sei edizio egin ditu dagoeneko, eta zazpigarrenean izena eman daiteke honezkero. Horren inguruan mintzatzeko elkartu dira gaur Sandra Caballero Irungo Udaleko Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkaria eta Constantino Lucas Baquero, seigarren edizioko lan irabazlearen autoreetako bat [Paula Adriana Martinez Bernalekin egin du ikerketa].
Aipatutako beka hori 35 urtetik beherako gazteei bideratutakoa da, eta haren helburua da “ekimen emergenteak autonomiaz garatzen laguntzea, gazteen artean ikerlana sustatzea eta udalaren eta gazteen artean lan ildo berri bat irekitzea”.
Caballerok eman ditu GazteARTEan bekaren xehetasunak: “GazteARTEan beka funtsezkoa da udalaren eta gazteen arteko harremanak estutzen jarraitzeko. Elkarrekin komunikatzeko eta elkarlanean aritzeko bide bat da, eta, beroni esker, gazteek zer kezka eta proposamen dituzten jakin dezakegu eta, horrela, hiriko gazteen etorkizuna haiekin batera eraikitzen jarraitu, betiere erantzukizunaren eta ahalduntzearen ikuspuntutik. Azkenean, gazteei tresnak ematea da kontua, egunerokoan eragiten dieten gaiak landu ahal izan ditzaten beren erabakiguneetan. Gazteek udal politikan hitza hartzea nahi dugu, udal ekintzan parte hartu ala izatea, Irun leku hobea izateko”.
Azken lanean Irungo gazteek klima aldaketaren inguruan dituzten pertzepzio eta sentipenak ikertu dituzte, “arreta berezia” jarriz ekoantsietatean. Aipatu dutenez, metodologia misto baten bidez aztertu dute nola azaleratzen den antsietate klimatikoa eta kolektiboki esku hartzeko zein aukera antzeman daitezkeen toki bakoitzean. Hots, emaitza horien arabera “gazteak gero eta kezkatuago daude, baina apenas ezagutzen dute ekoantsietate terminoa, eta politikan eragiteko gaitasun eskasa dutela ikusten dute”.
Era berean, nabarmendu dute gazteek hitz egiteko, hausnartzeko eta parte hartzeko eratu diren foroetatik sortu direla emaitzak, eta, hortaz, emaitzak hortik atera dituztela.
Zazpigarren edizioa, prest
Ildo horretatik, Gazteria arloak gogorarazi du GazteARTEan bekaren zazpigarren ediziorako ikerketa proiektuak aurkezteko interesa dutenek urriaren 6ra arte aurkez daitezkeela lanak. Bekak 8.000 euroko aurrekontua du, eta ikerlana beka esleitu eta zortzi hilabetean egin behar da gehienez ere. Emaitza, gainera, zenbait formatutakoa izan daiteke: dibulgazioko materiala, lankidetza proiektu bat, parte hartzeko proiektu bat…
Bekaren helburua da, kontatu dutenez, gai nagusitzat haurrak, nerabeak, eta/edo gazteak dituen ikerketa ekintza proiektu bat garatzen laguntzea eta gazteen artean ikerlana bultzatzea. Hala ere, “bereziki interesgarritzat” hartzen dituzte ikerketa eta ekintzaren garapenean Irungo gazteen parte hartze zuzen eta aktiboa sustatzen duten proposamenak. “Erabilitako metodologiaren originaltasun eta berritasuna baloratzen dira, baita gazteek esperimentatuz eta partekatuz ikasteko hausnarketa prozesuen integrazioa ere”.
Honako baldintza hauek bete behar dira eskaera egiteko:
- Pertsona fisikoek eska dezakete beka hau, banaka, edo berariaz osatutako taldeek.
- Bekadunek unibertsitate mailako gradua edo lizentzia izan behar dute, edo goi mailako heziketa ziklo bat egindakoak izan.
- Bekadunek 35 urte bete gabeak izan behar dute beka eskatzen duten urteko abenduaren 31n.
Proposamenak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edota Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan aurkez daitezke.

