Milia Solidarioak 750 euro bildu ditu
Bildutako diru guztia Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango diote "bere gizarte eta ikerketa lana laguntzeko".
Asteburuan egin dute txeke solidarioaren banaketa; Milia Solidarioan bildutako dirua eman diote Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari, eta, aurtengo edizioan 750 euro bildu dituzte. Hots, bildutako diru guztia elkarte horri emango diote “bere gizarte eta ikerketa lana laguntzeko”.
Elkartearen izenean Gema Landachek hitz egin du. “Laguntza mota horiek funtsezkoak dira minbiziak jotako pertsonei eta haien senideei eskaintzen zaizkien zerbitzuak mantendu ahal izateko. Orain, gainera, helburu garrantzitsu bat daukagu: 2030erako minbiziaren sendatze tasa %70era iristea. Hori lortzeko ikerketa bultzatu behar da”.
Horretaz gain, klubak iragarri du urte amaiera lasterketa herrikoiz beteta amaituko dutela; izan ere, datozen hilabeteetan Inmobiliaria URME Txingudi Korrika eta Super Amara Gabonetako Krosa egingo dituzte.
Inmobiliaria URME Txingudi Korrika 10 kilometroko lasterketa da, eta Hendaia, Irun eta Hondarribia elkartzen ditu. Urriaren 5ean izango da, eta aurtengoa haren 26. edizioa da. Oraingoz, 570 lasterkarik baino gehiagok eman dute izena. Era berean, urriaren 4an, Txingudi Korrika Txiki lasterketa egingo dute Irungo Stadium Galen, eta hitzordu horretan 150 haurrek baino gehiagok eman dute izena.
Azkenik, Super Amara Gabonetako Krosa izango da urteko azken hitzordua. Abenduaren 20an izango da, eta 5 kilometroko ibilbidea du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoz, inskribatutakoen %56 emakumeak dira, eta %44 gizonak.
Bi lasterketetan izena emateko aukera dago oraindik, hemen.

