Merkatariekin egingo dituzte topaketak, bihar
14:00etatik aurrera izango da biharko hitzordua, San Migeleko adinekoen lokalean (Javier Esteban Indart kalea, 5). Ez da izenik eman behar.
Irungo Udaleko Hiri Bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko arloak gogorarazi duenez, aste honetan egingo dituzte hiriko merkataritza sarearekin topaketa parte hartzaileak Topaketak merkatariekin. ON moduan tokiko merkataritzarekin lelopean.
Pasa den astean bi saio egin zituzten, bata Commerce Laben eta Palmera Monteron bestea, eta horiek amaitu ondotik, aste honetako hitzorduen berri ematen dute: bihar (hilak 23, asteartea), 14:00etan izango da hurrengo topaketa San Migeleko adinekoen lokalean (Javier Esteban Indart kalea, 5), eta, bigarrena, aldiz, hilaren 25ean (osteguna), 20:00etan, Commerce Laben (Serapio Mugica kalea, 8).
Azpimarratu dutenez, ordutegiarekin horiek aukeratu dituzte “saltokien ordutegiaren kointziditzen ez duelako”. Era berean, gehitu dute ez dela beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, eta establezimendu bakoitzari egingo dietela bertaratzeko gonbidapena.
Azkenik, nabarmendu dute topaketa horiek ideiak partekatzeko eta tokiko merkataritza indartzeko izan daitezen, “topaketetan gai interesgarriak” jorratuko dituztela. Horien adibidetzat zerrendatu dituzte IrunMarketen garapena, Commerce Lab espazio berria edota lokalak alokatu zein birgaitzeko udal diru laguntzak. Irungo merkataritza sektorearen proposamenak, ekimenak edota kezkak ere izango dituzte hizpide.

