PSE-EE: "Gobernu taldeak eta Abotsanitzek egindako balorazioek ez dute ekarpenik egiten jaietako egoeraren normalizazioan"
Hilaren 7a eta 8a "normaltasun handiz" igaro zirela iritzita, aurtengo jaietako baloraziorik ez egitea erabaki zuten PSE-EE alderdian. Udal gobernu taldeak zein Abotsanitzek egindako adierazpenak ikusita, ordea, horiei erantzuteko beharra sentitu dute.
Hilaren 7a eta 8a “normaltasun handiz” igaro zirela iritzita, aurtengo jaietako baloraziorik ez egitea erabaki zuten PSE-EE alderdian. Baina azken egunetan udal gobernu taldeak zein Abotsanitzek egindako adierazpenak ikusita, horiei erantzuteko beharra sentitu dute.
Sozialisten ustez udal gobernu taldeak zein Abotsanitzek prentsan zein irratian egindako zenbait baieztapenek “nahasmena” sor zezaketen, eta hori adierazteko Hondarribiko Udalak jaien balorazioa egiteko oharrean adierazitakoa ezarri dute adibide gisa: “Oinarrizko eskubide batzuk bete gabe jarraitzen dute, eta ondare komuna den alardea gatazkaren erdigunean kokatzen da”.
Baieztapen horren aurrean sozialistek ez dute ulertzen oinarrizko neurriak urratzear bazeuden alkateak neurririk ez hartu izana, eta, kontrara, halako adierazpenek “nahasmena” sortzeko balio dutela uste dute.
Dokumentu berean, Segurtasun sailari hiriko lau puntutan manifestatzeko eskubidea eskatzeagatik, “HAOSEk udalaren legitimitatea aitortu ez izana deitoratzen dutela” nabarmendu dute. Honako adierazpena “deigarria” egin zaio PSE-EE alderdiari; izan ere, haien ustez HAOSEk udal dekretua bete zuen.
Bestetik, Abotsanitzen adierazpenei dagokienez, honako esaldi honetan: “Batzuk etengabe saiatzen dira herritarren arteko banaketa sustatzen; eta horiek batzen gaituena bereizten gaituena baino gehiago baloratzen dutela suposatzen dugu”, “ezkutuko botereek banaketa sustatzen dutenaren ideia” zabaltzen dutela uste dute, eta ideia hori “oso erabilia” dagoela esan dute.
Azkenik, hilaren 7ari begira, haien alderdia ez zela Jaizkibel konpainia Arma plazan izatearen aurkakoa jakinarazi dute, eta gaineratu dute duela hemezortzi urtetik Sozialistek “bi sentsibilitateak” ulertu eta errespetatzen dituela.

