Girabiraren hirugarren edizioan dantza izango da nagusi
Larunbatean (hilak 27) izango da programaren hirugarren aldia, Pinudiko parkean, 17:00etan. Tailerrak eta dantza ikuskizuna izango dira.
Pinudiko parkean emandako prentsaurreko batean, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariak Girabira programaren hirugarren jardunaldia aurkeztu du. Harekin batera izan dira agerraldian Pia Alzaga, Ainara Rubio eta Miren Gonzalez. Pia Alzaga eta Rubio Txikis del Bidasoa elkarteko arduradunak dira; Gonzalez, berriz, Marte Laborategia sorkuntza tailerreko arduraduna da.
Girabira programak Irungo parkeetan paseatzea proposatzen die familiei, eta, ildo horretatik, jardunaldi tematikoak antolatzen dituzte emanaldiak, tailerrak eta piknikak konbinatuz.
Alzaga: “Uda bukatzear da, baina Irunen badira planak oraindik; horren adierazgarri, Girabira programaren hirugarren jardunaldia: Pinudiko parkean aire zabalean dantzaz gozatzeko aukera bat familientzat”.
Alzagak aurreratu bezala, aurtengo hitzordua 17:00etan izango da, Pinudiko parkean, eta dantza izango da egitasmoaren protagonista.
Egitaraua
- Tailerrak
- 17:00. Uikan Dantza konpainiak dantza tailer bat emango du, eta, ondoren, Marte Sorkuntza Laborategiak, sorkuntza tailer bat eskainiko du collage teknikan oinarrituta.
- Dantza ikuskizuna
- 19:00. Tio Teronen Semeak konpainian Haurreskolari dantza ikuskizuna emango du. Konpainiaren deskribapena: “Gure kuadrilla xelebrea ikastetxera bueltatu da! Bertan, gure bizitzaren parte izan diren egoera eta doinuen bitartez, une ahaztezinak biziberrituko dituzte. Ikasitakoa desikasten saiatuko dira, ikusleen eskutik, ikasketa prozesu berri bat umorez eraikitzeko asmoz. Denak gelara, txirrinak jo du eta!”.
- Girabira Txikimusika
- Girabira programaren azken jardunaldia musikaren inguruko saio bat izango da, urriaren 12an, Mendibil parkean.

