AsexoraT zerbitzuak estreinatuko du GazteARTEan-en egoitza berria
Gazteek "beren interes, nahi eta ametsetan oinarritutako" proiektuak garatzeko programak sustatuko dituzte eremu horretan.
Hilabete honetan inauguratu dute Irungo CBAren Kultura eta Sorkuntza zentroa, eta eraikin berri horren gune berrietako bat GazteArtean da. Gazteen interes, nahi eta ametsetan oinarritutako proiektuak garatzeko programak sustatu nahi dituzte gune horretan, gazteek parte hartzeko, esperimentatzeko eta proposamen berriak sortzeko moduko giroak sortuta. Horretako, gazteei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak hartuko ditu bere baitan; baita aholkularitza zerbitzu espezializatuak ere.
Areto horretan eskainiko dituzten zerbitzuekin gazteen eta udalaren arteko harremanak eta konexioak sortu nahi dituzte. Sandra Caballero Irungo Udaleko Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak eman ditu xehetasunak: “Gazteria zerbitzurako, CBAren Kultura eta Sorkuntza Zentroak hiriko erdigunean espazio propio eta gazte bat izateko aukera eskaini digu, gure zerbitzuak hurbildu ahal izateko. Gune hau hiriko gazteentzat erreferentzia leku bihurtzea da gure helburua, haien proiektuetan eta kezketan lagundu eta aholkuak emateko. Esperimentatu ahal izateko eta haiekin konektatu ahal izateko leku bat, beren ideiek, proiektuek eta ekimenek eragina izan dezaten zentro horren programazioan, hiriko gainerako lekuetan bezala”.
Ildo horretatik, zehaztu dute Gazteria Arloaren aurtengo apustuetako bat Konekta bitartekaritza zerbitzua dela; 16 eta 25 urte arteko irundarrei zuzendutako gunea da. Era berean, AsexoraT zerbitzuaren berri ere eman dute; heziketa sexual eta afektiboa lantzen dira arlo horretan, “errespetuzko heziketa sexual eta afektibo arduratsu eta osasungarria sustatzen, oinarrizkoa den aldetik gazten irundarren garapenean”.
Zehatzagoak izate aldera, AsexoraT zerbitzuak estreinatuko du GazteARTEan-en egoitza berria, baina aurreratu dute, agian, aurrerago, aholkularitza zerbitzu gehiago emango dituztela bertan.
Egoitza berria asteartetik larunbatera egongo da irekita, 11:00 eta 13:30 artean zein 17:00 eta 19:30 artean. AsexoraT zerbitzua, haatik, ostegun arratsaldeetan eta hileko lehen larunbatetan emango dute, goizez.

