Palestinaren aldeko manifestazioa dela eta, aldaketak trafikoan
17:00 eta 19:00 artean aurreikusten da trafikoan aldaketak izatea. Tarte horretan joan etorrietarako saihesbidea erabiltzea gomendatu dute.
Irungo Udaltzaingoak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean Irunen egingo den Palestinaren aldeko mobilizazioaren ondorioz, zenbait aldaketa izango dira kaleetan 17:00 eta 19:00 artean.
16:50ean hasita, esaterako, San Martzial kalerako sarrera itxita egongo da, eta trafikoa Juncal kaletik desbideratuko dute. Horretaz gain, Nafarroa hiribidea, Kolon pasealekua, Gipuzkoa hiribidea, Iparralde hiribidea eta Geltoki zein Anaka kaleak itxita egongo dira. Ondorioz, Miguel de Astigar, Jacobo Arbelaiz eta Cipriano Larrañaga kaleen sarrera moztuta egongo da.
Era berean, Renfe geltokira sartzeko aukera Zubiaurre kaletik baino ez da egongo 19:00ak aldera arte. Gainera, San Juaneko aldageltokirako sarrera moztuta egongo da manifestazioa Kolon pasealekuan sartu arte. Azkenik, Txanaleta plazako geralekua kendu egingo dute manifestazioak Zubiaurre eta Geltoki kaleen elkargunea gainditzen duen arte. Une horretan bertan Hondarribia kaleko ibilgailuen zirkulazioa berrezarriko dute.
Taxi zerbitzuari dagokionean, San Juan eta Jose Ramon Agirretxeko geltokiak erabilgarri egongo dira.
Aparkalekuetan ere, bestalde, zenbait aldaketa egongo dira:
- Koloneko aparkalekua: Sarrera 17:50etik. Gipuzkoa hiribideko sarrera Elizatxoko biribilgunetik izango da. Irteera, berriz, Joaquin Gamon kaletik izango da, kontrako noranzkoan.
- San Juaneko aparkalekua: San Juanetik sarrera moztuta egongo da manifestazioa igaro arte, eta Prudencia Arbidetik sarrerak ez du murrizketarik izango.
- Mendibileko aparkalekua: Ez da murrizketarik egongo.

