Master Series eta Grand Slameko final handiak jokatuko dira gaur
Iluntzeko 20:00etatik aurrera emozio biziko partida bi jokatuko dira Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Udako sasoiari ginga jartzeko aukera izango dute puntistek.
Iluntzeko 20:00etatik aurrera Master Series eta Grand Slameko final handiak jokatuko dira Jostaldi pilotalekuan. Emakumeetan Erika-Gisela eta Lur-Laura bikoteak iritsi dira finalera, eta gizonetan Hormaetxea-Bailo eta Bixente-Atain bikoteak.
Lehenik emakumeen txanda izango da. Erika Mugartegi 16 urteko markina xemeindarrak eta Gisela Ucles 20 urteko kataluniarrak osatzen dute lehen bikotea. Abuztuaren 29an jokatu zutenkanporaketan erakutsi bezala oso bikote indartsua dira. 15-06 eta 15-07 garaitu zituzten Naroa Merino eta Alize Arriaga aurkariak.
Bigarren bikotea Lur Lejardi 15 urteko markina-xemeindarrak eta Laura Rodriguez 16 urteko iruindarrak osatzen dute. Abuztuaren 22an debutatu zuten Hondarribiko Master Seriesean. Finalean aritzeko txartel bila irten ziren hasiera hasieratik eta aise menderatu zituzten Tania Mayorga eta Arai Lejardi aurkariak. Partida 08-15 eta 09-15 irabazi zuten. Gaurko partida, beraz, oso berdinduta egotea espero da.
Emakumeen finalaz gozatu ondoren gizonen txanda izango da. Hormaetxea-Bailo eta Bixente-Atain bikotea dira iragan ostiraleko finalerdietan gailentzea lortu zutenak. Alex Hormaetxea 42 urteko bermeoarra ibilbide luzeko jokalaria da eta Ruben Bailo 33 urteko noaindarrarekin batera bikote gogor eta esperientziaduna osatzen dute. Gaurko lehian kamiseta gorriarekin jolastuko dute.
Aldiz, Bixente Gonzalez biarritztarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak, bikote gaztea osatzen dute. Lehenak 26 urte ditu, bigarrenak 21. Abuztu hasieran Hormaetxea eta Bailoren kontrako partidua galdu egin zuten arren, beren jokoan konfiantza hartzen joan dira azken partidetan, eta aurkari gogorrak izango direla erakutsi dute.
Material aukeraketa
Asteazken honetan Hormaetxea-Bailo eta Bixente-Atain bikoteak materiala aukeratzeko elkartu ziren Jostaldi pilotalekuan. Bikote bakoitzak hiru pilota hautatu behar izan zituen. Pilota gehientsuek 130 gramo pisatzen zuten arren, horietako lauk 105 gramoko pisua zuten, eta bik 107 gramoko pisua. Bixente eta Atainek material motelago baten aldeko apustua egin dute, aurkariek ordea, material biziago baten alde.

