Udal gobernuak mugikortasunari dagokionez "ekintza zehatz gutxi" egin dituela uste dute jeltzaleek
EAJk batez ere, bidegorri sarean ezarri du fokua, eta 2026ko udal aurrekontuetarako lau proiektu proposatu dituzte.
Gonzalo Carrion eta Kalixa Silanes Kalez kale proiektua aurkezten. Hondarribiko EAJ alderdiak Europako Mugikortasunaren Astearen baitan udalak, herriko zenbait eragilerekin batera, antolatu dituen jarduerak “positibotzat” jo dituen arren, azken 27 hilabeteetan, mugikortasunari dagokionez, udal gobernuak “ekintza zehatz gutxi” egin dituela iritzi du. Bereziki, bidegorri sarearen inguruan mintzatu dira jeltzaleak. Esan dute oposizioan aldarrikatzen zuten bidegorri sare horrek ez duela aurrera egin azken bi urte hauetan.
Aldiz, udal gobernuan zeudenean, haien alderdiak Kalez Kale Hondarribia Hobetzen plana bultzatu zuela gogoratu dute eta proiektu horrek “auzoen eta eskola inguruneen irisgarritasuna hobetzen eta txirrindulari zein oinezkoentzako ibilbide seguruak bermatzen” lagundu zuela esan dute. Azken bi urteetan, ordea, Kalez Kale proiektuaren bigarren fasea aurrera eramateko proposamenak aurkeztu dituzten arren, udal gobernuak atzera bota izana deitoratu dute.
Dena den, egungo gobernuak, hiri mugikortasuna hobetzeko esku artean dituen hiru proiektu edo helburu estrategikoen berri eman zuen iragan abuztuan. Bereziki, lehen hiri autobusean, terrazen ordenantzan eta aparkalekuen araudian egindako urratsetan ezarri zuten fokua.
Lehen hiri autobusari dagokionez kontratazio prozedura “oso aurreratua” dagoela adierazi zuen alkateak, eta “ondo bidean” udazkenean martxan izango zela. Terrazen ordenantza idazteko, aldiz, prozesu parte hartzaile bat zabaldu zutela gogorarazi zuen. Lehen zirriborroa egin eta udalbatzak behin behinean onartu ondoren, urriaren 15era bitarte helegiteak aurkezteko aukera dagoela zehaztu zuen Enparanek.
Azkenik, aparkalekua arautzeko proposamen ezberdinak jaso ondoren, bertakoentzako soilik izango diren eremuak hiru auzotan frogak egiten ari direla esan zuen Estitxu Urtizberea hirigintza zinegotziak. Froga horiek ekainean izandako hirigintza batzorde batean planteatu eta alderdi guztien onarpena “aho batez” jaso ondoren egin zituztela nabarmendu zuen zinegotziak.
Lehen proiektuari dagokionez (lehen hiri autobusa), jeltzaleek izapideak aurrera egitea “positibotzat” jo dute, baina proiektu hori aurreko agintaldian hasi zela gogorarazi nahi izan dute. Hirigintza zinegotziak, ordea, hiri autobusaren gaineko azalpenak eman zituenean honakoa adierazi zuen: «Egia da aurreko udal gobernuak lehenengo pausotxoa eman zuela, memoria ekonomiko bat eskatu zuelako, baina ez zaio benetako bultzadarik eman duela urtebetera arte». Hain zuen autobusaren zerbitzua izapidetzeko batzordea sortu zen arte. 2024ko maiatza-ekainean izan zen hori.
Azkenik, mugikortasun jasangarria unean uneko gertaeretara mugatu ezin dela iritzita, 2026ko udal aurrekontuetarako lau proiektu proposatu dituzte jeltzaleek:
- Hiri-barneko autobusaren geltokiak egokitzeko lanak (200.000 euro)
- Bidegorrien arteko lotura eta bidegorri berrien garapena (200.000 euro)
- Javier Ugarteko aparkalekuaren proiektua (150.000 euro)
- Santiago Kaleko eta Harresilandako igogailuen proiektuak: (100.000 euro)

