Irun Tech tailer teknologikoak arrakastatsutzat jo dituzte udan
8 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintza izan dute udan, eta orotara 80 ikasle izan dituzte. "Gai berritzaileak" landu dituzte.
Uda honetan, uztailean eta abuztuan zehazki, Irun Tech tailerrak eman dituzte Irungo Udalak eta Bidasoa bizirikek, elkarlanean, eta pozik agertu dira, aurtengo proposamenetan 80 pertsonek hartu baitute parte zortzi prestakuntza saiotan.
Ildo horretatik, Bidasoa bizirikek “eskaera handia eta aurreinskripzioetan erakutsitako interesa” nabarmentzeaz gain, azpimarratu du hezitzaile zein familiek hurrengo deialdietan esperientzia errepikatzeko nahia adierazi dutela.
Jarduerak 8 eta 13 urte arteko haur eta gazteei zuzendutakoak izan dira, eta Irun Factoryn egin dituzte. Hots, “gai berritzaileak” landu dituzte, itsas hondoaren esplorazioa, larrialdi egoeretan robotika, etorkizuneko hiriak edota kirola eta teknologia uztartzea, kasu.
Gainera, azpimarratu dute programari esker parte hartzaileek aukera izan dutela itsas animalietan inspiratutako robotak diseinatu eta programatzeko, erreskate misioetarako prototipoak sortzeko, hiri adimendunetarako irtenbide berritzaileak esperimentatzeko eta robotika eta kirola uztartzen dituzten erronka kolaboratiboetan parte hartzeko.
Nuria Alzaga, Bidasoa bizirikeko presidentea: “Tech tailerren arrakastak erakusten du gure eskualdean interes handia dagoela ikaskuntza sormena eta dibertsioa uztartzen dituzten ekimenen alde. Bidasoa bizirikeko presidentearen hitzetan, ekimen hauek sustatzen jarraitu nahi dugu, bokazioak pizten dituztelako eta belaunaldi berriak etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzen dituztelako”.

