Europako Mugikortasunaren Asteko zenbait jarduerek aldaketak jasango dituzte
Bizikleta martxa eta Mendelu kaleko festa, adibidez, atzeratu egingo dute. Eguraldi iragarpenaren ondorioz hartutako erabakiak izan dela jakinarazi du Hondarribiko Udalak.
Aurten ere Hondarribiak Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egin eta hilaren 16tik 22ra burutuko diren jarduerak ezagutarazi zituzten astelehenean. Gaur goizean, ordea, aipatutako jarduera horietako zenbaitek aldaketak jasango dituztela jakinarazi du udalak. Eguraldi iragarpenaren ondorioz hartutako erabakia izan da.
Hori horrela, hilaren 21erako iragarrita zegoen bizikleta martxa eta Mendelu kaleko festa atzeratzeko erabakia hartu dute. Udalaren asmoa datorren hilaren 28an egitea da, baina oraindik data hori ez dela finkoa adierazi dute. Finkatu bezain pronto emango du udalak data berriaren berri.
Bestetik, Egiluze ikastetxeak aurreikusiak zituen ekintza guztiek ere aldaketak jasango dituztela esan dute. Jarduera guztiak bihar, ostirala, egingo dituzte. Egitaraua horrela geratuko da: Isunak jartzeko ekintza 08:40etik 09:40era egingo dute, eta plataforma margoketa 09:40etan hasi eta 12:30ak arte luzatuko dute.

