Bidasoako estuarioan, "kontserbazio helburuen aurkako dragatzea"
Eguzki Bidasoa taldeak egin du salaketa. Aipatu dutenez, "ez dirudi garrantzitsua denik Bidasoako estuarioan ingurumen araudia urratzea".
Eguzki Bidasoa taldeak salatu du Bidasoako estuarioan kontserbazio helburuen aurkako dragatze bat egin dela; hots, “harriduraz” egiaztatu dute Natura 2000 Sareko guneetako baten babesa “urratu” egin dela berriro ere “kontserbazioarekin edo lehengoratzearekin zerikusirik ez duten obrak eginez”.
Nabarmendu dutenez, Bidasoa Santiagotarrak parean dragatzea “babestutako espazioaren barruko jarduketa bat da”, eta kalte egiten die Batasunaren intereseko habitatei, hala nola estuarioei eta marearteko lohiei. Hots, gehitu dute habitat horiek “eskas” eta “urri” gisa diagnostikatuta daudela Txingudin indarrean dagoen RN 2000 dokumentuan. Zehaztu dutenez, dokumentu horren arabera “habitataren egungo egoera kontrakoa da”, eta aldeko kalifikazioa lortzeko jarduketak eta neurriak eskatzen ditu administrazio publiko eskudunen aldetik, “horiek baitira, Europako zuzentarauen arabera, horretarako betebeharra eta konpromisoa dutenak”.
Ildo horretatik, irmo egin dute salaketa: “Bidasoako estuarioan ez dirudi garrantzitsua denik ingurumen araudia urratzea, maila txikiagoa balitz bezala. Txingudiko naturaguneen konektibitatearen interpretazio maltzurrarekin ibaiaren ibilgua inbadituz piloteen gainean eraikitako oinezkoentzako plataformaz hitz egin genezake, bai eta San Lorentzo aintzira handitzeko proiektuaz ere. Orain, arraun klubarentzako pantalana da argudioa”.
Hots, gehitu dute RN 2000 espazio hori zaintzea helburu ez duen edozein jarduketa “lehen mailako premiazko arrazoi” gisa justifikatu eta egiaztatu beharko dela, eta “konpentsazio neurriak” hartu beharko direla bertan bizi diren espezieen eta bertako dinamika naturalen kontserbazioa bermatzeko. “Ez dirudi horrelakorik betetzen ari direnik Bidasoaren dragatze horrekin. Gainera, paradoxa bat dago: aipatutako lehen mailako premiazko arrazoietako bat honako hau da: ‘Ingurumenaren babesa: ingurumena kontserbatzeko erregulazioak'”, jarraitu dute.
Azkenik, gaineratu dute “pentsaezina” dela maila globalean eta tokikoan aurre egin behar zion arazo “handienetako” baten aurrean “ingurumena babesteko eskumena duten gure agintariek ingurumena zaindu eta babestearen aurkako proiektuekin jardutea”.

