Aduana zaharra birgaitzeko obrak esleitu dituzte
2,5 milioi eurotik gorako kostua izango dute lanek, eta urte betean egitea aurreikusi dute. Eraikina "Via Irun osatzeko estrategiaren muina" izango da.
Berriki jakinarazi dutenez, Via Irun proiektuak “urrats garrantzitsu bat” egin du aurrera; izan ere, Aduana zaharraren eraikina birgaitzeko obrak esleitu dituzte. Cristina Laborda Irungo alkateak eman du horren berri gaur bertan Aduana zaharrean egindako agerraldi batean, eta han jakinarazi du atzoko tokiko gobernu batzarraren bileran adostutako erabakietako bat izan dela. “Horrela, hiriak mugarri bat izango du erabiltzen ez den trenbide inguru hori berroneratu eta berreskuratzeari dagokionez”, azaldu du.
Laborda: “Aurreko astean geltoki intermodal berria eraikitzeko obrak bisitatu genituen, eta orain beste urrats hau iragartzeko aukera dugu. Espazio hau berreskuratuko dugu, eta ez itxuraz bakarrik: Irun modernoago bat ikusiko dugu, bai, baina gainera hiriaren etorkizuneko hiri barruti berritzailearen egoitza izango da. Hiriak aurrean duen asmo handieneko eraldaketa proiektua da “.
Aipatutako proiektu horren ardatza eraikin nagusiaren egiturak, estalkiak eta fatxadak birgaitzea izango da; orotara, lanek 2,5 milioi eurotik gorako kostua izango dute, eta urtebetean egingo dituzte. Hala ere, udalak gogorarazi du oraintsu abian jarri diren lanen aurretik lehen fase bat egin zela 2024ko bigarren erdian eremua garbitu eta hondakinak erretiratzeko. 192.319,41 euroko aurrekontua izan zuen horrek.
Alabaina, Aduana zaharra berritzeko lanekin 2023ko maiatzean hasi ziren, tokiko gobernu batzordeak eraikina 1.666.416,76 euroan Estatuaren administrazio orokorrari erostea onetsi zuenean. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailak emandako lau milioi eta erdi inguruko diru laguntzari esker, baina, eraikina zaharberritzeko lanei ekin zitzaien.
Aurrerantzean egin nahi dituzten lanen bidez Aduana zaharra eta haren eranskinak osatuko dituzte etorkizunean eman nahi zaion erabilerarako. “Eraikina Via Iruneko hiri barruti adimenduna osatzeko estrategiaren muina izango da, eta berrikuntza, kohesio ekonomikoa eta soziala zein eraldaketa digitala eta ekologikoa hartu dira premisatzat proiektua diseinatzeko”, amaitu dute.
Azkenik, aurreratu dute Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan adostutako beste puntuetako bat Oñaurren erosteko aukera ematen duen lokal baten errentamenduaren kontratazioa onartzea izan dela.

