56 pertsona elkartu dira 2026ko aurrekontu parte hartzaileen bileran
Orotara 25 proposamen egin dituzte, baina azken bozketara hiru igaro dira. Finaleko proposamenak urriaren 3tik 7ra bozkatu daitezke.
Hilaren 10ean 2026ko Aurrekontu Parte hartzaileen aurrez aurreko saioa egin zuten irundarrek Palmera Montero gunean, eta jakinarazi dutenez, 56 pertsona elkartu ziren bertan. Jon Ugarte Gobernu Irekiaren eta Herritarren Arretarako ordezkariak bileraren dinamika aurkeztu zuen lehenik, eta bertaratutakoekin eztabaida taldeak sortu zituzten gero.
Lantaldeek 25 proposamen egin zituzten, eta bozkatu egin zituzten hiru proiekturen lehen multzoa osatzeko. Azken fasera igarotako hiru proiektu horiek udaleko zerbitzu teknikoek aztertu eta bideragarritasun azterketa egingo zaie, eta hori egin ondotik pasako dira azken bozketara.
Hauek dira azken bozketara igaro diren hiru proposamen bozkatuenak:
- Kultura, aisia eta kirola: Labe elektrikoa, buztina ijezteko makina eta udal zeramika tailerrerako mahaiak erostea.
- Kultura, aisia eta kirola: Plaiaundiko kirol instalakuntzen gimnasioaren hobekuntza eta eguneratzea.
- Obrak eta mantentzea: Haur parkeetan ur txorrotak instalatzea egun beroetarako.
Udal webgunearen bidez proposamenak bidaltzeko epea amaitu da dagoeneko, eta 129 ideia bildu dituzte. Hortaz, baliozkotzen diren online proposamen guztiekin hilaren 29 eta 30ean aurretiko bozketa egin, eta boto gehien jasotzen duten hamahiruak azken bozketara sartuko dira. Parte hartzen dutenek Irun Txartela erabili beharko dute, eta gehienez ere bost proposamen aukera ditzake norbanako bakoitzak.
Alabaina, prozesu orokorraren barruan, beste lau proposamen gehituko dira azken bozketara: Auzo Elkarteen federazioaren hiru eta Hiritar Foroaren bat. Hortaz, guztira, hogei proposamen sartuko dira azken bozketan.
Era berean, gazteentzako prozesuaren barruan ere beste lau proposamen sartuko dira: Eskola Agenda 2030 ekimenaren bi, Gazteria Zerbitzuaren bat eta IrunBixi foroaren bat.
Gauzak horrela, bi bideetatik prozesu bakoitzeko hogei proiektu aterako dira. Gero, zerbitzu teknikoek haiek baloratu eta zerrenda bat argitaratuko dute udalaren webgunean herritarrek 2026ko aurrekontu orokorraren barruan zein proposamen nahi duten bozka dezaten. Proposamen finalistak bozkatzeko epea urriaren 3tik 7ra izango da, eta hori webgunearen bidez edota Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan egin daiteke.

