Norbere bizikleta konpontzeko aukera, igandean, MUGI txartelarekin
Bizikletak berrikusi eta MUGI txartela ateratzeko aholkularitza zerbitzua emango dituzte Irun zein Hondarribian, hilaren 21ean.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatuta, Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin ekintza egingo dute igandean (hilak 21) Irun zein Hondarribian. Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan egingo dute jarduera, horren helburua baita herritarren artean desplazamendu ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatzea.
Azahara Dominguez diputatuak eman ditu egitasmoaren xehetasunak, eta jakinarazi du Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, furgoneta tailer batek bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua emango diela MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten dutenei. Gainera, txartel hori eskuratu nahi duenarentzat laguntza puntu bat ezarriko dutela aurreratu du. “Premiaz ibili behar dugu mugikortasun iraunkorrago baterantz, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik beharrezko neurriak hartzen ari gara gipuzkoar guztien garraio publikorako sarbidea unibertsalizatzeko”, gaineratu du diputatuak.
Gauzak horrela, bizikletak berrikusi nahi dituztenek edota MUGI txartel pertsonalizatua ateratzeko aholkularitza behar dutenek 10:30etik 14:00etara izango dute hori egiteko aukera Irungo Ensanche plazan, eta 16:00etatik 20:00etara, haatik, Hondarribiko San Pedro kalean.
Alabaina, jakinarazi dute furgoneta tailerrera hurbiltzen direnek bi bizikletaren zozketan parte hartzeko aukera izango dutela, eta baita MUGI txarteletan hogei euroko balioa duten 60 birkargatan ere.
Cristina Laborda, Irungo alkatea: “Horrelako ekimenek bat egiten dute aste honetan herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko bultzatutako ekintzekin. Ezin dugu ahaztu hiriak azken urteotan bizi izan duen hiri eraldaketa sakona, mugikortasun iraunkorrago baten aldeko apustua egin baitugu, ingurumena errespetatuz eta oinezkoak eta txirrindulariak gure politiken erdigunean jarriz”.
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: “Hondarribian argi daukagu jasangarritasuna ez dela eslogan hutsa: gure kaleak guztiontzat irisgarriago, seguruago eta atseginako bihurtzeko eguneroko lanaren ardatza da”. Honela amaitu du hitzartzea: “Sarritan ikusten dugu bizikletak behar bezala doitu gabe edo balazta ahulekin dabiltzala, eta horrek segurtasun arazoak sortzen ditu”.

