Memoria Demokratikoaren inguruko ekitaldien balorazioa, "oso positiboa"
Tropa kolpistek Irun okupatu zutela 89 urte bete dira aurten, eta hori ahanzturan gera ez dadin, zenbait ekitaldi egin dituzte.
Berriki 89 urte bete dira tropa kolpistek Irun okupatu zutela, eta gertakari horiek oroitzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu Irungo Udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren arloak herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Ekitaldi sorta amaituta eta aurreikusitako ekintza guztiak burututa, aipatutako arloak jarduera horien “oso balantze positiboa” egin du.
Zehazki, hiriko elkarte memorialista eta gizarte eragileekin batera, bost hitzaldi, ekitaldi instituzional bat eta erakusketa bat antolatu zituzten. Hitzaldi horiek hilaren lehen hamabostaldian izan ziren, Palmera Monteron, eta orotara 262 pertsonek hartu zuten parte. Franck Dolosor, Koldo San Sebastian, Jon Hernandez, Miguel Usabiaga, Peli Lekuona, Xabier Irujo eta Koldo Salinasesk eman zituzten hitzaldiak eta, besteak beste, honako gaiak jorratu zituzten: II. Errepublikaren aldarrikapena, Gerra Zibila Irunen, exodoa, II. Mundu Gerra eta ondorengo errepresioa.
Horretaz gain, bizilagunek Antxeta Irratiak antolatutako Deserriratuen memoriaren zubia erakusketa bisitatzeko aukera izan dute; Abenida zubian kokatu zituzten irudiak, eta argazki zein podcasten bidez ibilbide historiko bat egiteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Azkenik, hilaren 5ean, urteurrenaren egunean, alegia, ekitaldi instituzional bat egin zuten 89. urtemuga ospatzeko. Ekitaldi horretan Irungo Udalean ordezkaritza duten indar politiko guztiak, elkarteak eta herritarrak izan ziren. Ildo horretatik, antolatzaileek aipatu dute ekitaldi horrekin balioa eman zitzaiela egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen printzipioei, bai eta konkordiaren, bizikidetzaren eta aniztasun politikoaren balio demokratikoei ere.
Gorka Alvarez, Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren ordezkaria: “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Nicolas Guerendian Elkarte Errepublikarrari, Kepa Ordoki Memoria Elkarteari eta Antxeta Irratiari jarduerak proposatzeagatik eta horietan parte hartzeagatik, bai eta hizlari eta herritar guztiei ere ekimen horiei hain modu onean erantzuteagatik, interes eta kezka handia erakutsiz”.

